Saretzen -

Saretzen

Nola aldatu da Nafarroa 20 urtean?

Demografiaren bilakaerari dagokionez, kontrasteen lurraldea da Nafarroa. Orokorrean, hazkundea izan den arren, badira herritarrak galdu dituzten eskualdeak, baita auzokideen erdia galdu duten udalerriak ere. Hala ere, Iruñerria da gehien hazi dena, biztanleria biderkatu baitu bi hamarkadotan.

Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik, biztanle gehien batu dituena da Nafarroa; 20 urtean % 19 areagotu du bere populazioa, hau da, 556.263 nafar izatetik 661.537 izatera igaro dira, hain zuzen ere.

Nafarroan, eskualdez eskualdeko bilakaera askotarikoa izan da 2001etik 2021era; halere, nabarmentzekoa da 2013. urtea, inguru askotan hazkundea moteltzen hasi baitzen, edo, zuzenean, desazkunde-prozesu bati hasiera eman baitzion. Dena dela, aipatzeko bi fenomeno kontrajarri eta deigarri hauteman daitezke lurralde honetan: Iruñerrian eta Pirinioetan gertatzen dena, edota, hein txikiago batean, Pirinioaurrean eta Zangozerrian jazotzen dena.

Iruñerrian, hazkundea etengabea izan da urtez urte bi hamarkadotan, 2013-2014 aldian izan ezik, tarte horretan % 0,1eko populazio-galera bizi baitzuen eskualdeak. Pirinioetan, aldiz, auzokideen galera amaierarik gabekoa izan da 2001etik 2021era. 2012-2013 artean, deskalabrua baretu egin zen eskualde horretan, baina, hurrengo urtean, beheranzko joerari berriro heldu, eta halaxe jarraitu du iaz arte, azken hiru urteetan desazkundea baretzen joan den arren.

Pirinioaurreak ere Iruñerriaren joera errepikatu du, 2014-2017ko aldian izan ezik. Aldiz, Zangozerriak lehenengo hamarkadan biztanleak irabazi zituen arren, 2012tik aurrera, joera irauli, eta halaxe mantendu da bigarren hamarkadan.

Gainontzeko eskualdeei dagokienez, joera berdina azaltzen dute guztiek: 2012tik 2017-2018ra bitartean, desazkundea egon da eta, urte horretatik aurrera, biztanleria berreskuratzen ibili dira, egoera nolabait lehengoratu arte.

Aintzat hartu behar da, baina, Nafarroa herri txiki asko dituen lurraldea dela, eta, ondorioz, eskualdeetako eta herrietako desazkundea handia dirudien arren, zenbaki absolutuetan ez dela horrenbestekoa izan. Adibidez, Pirinioek % 24,2ko desazkundea izan dute, eta 1.581 auzokide galdu, Iruñerriak 83.178 lagun irabazi dituen bitartean (% 28,5eko hazkundea).

Biztanleria biderkatuz

Eguesibar, Berriobeiti eta Orkoien dira, alde handiarekin, gehien hazi diren udalerriak, auzokide kopurua seikoiztu, laukoiztu eta bikoiztu baitituzte, hurrenez hurren; hirurak, Iruñerrikoak, Iruñea hiriburuaren inguruan.

Biztanle gehien galdu dituztenen kasuan, aldiz, Gorza, Lerga eta Genevilla udalerriak ditugu; udalerri txikiak izateaz gainera, populazioaren erdia galdu dute 20 urtean.

Nafarroa, lurralderik gazteena

Populazio zaharra handitu bada ere, Nafarroan, gazte kopurua nabarmen hazi da 20 urtean: % 25. Hala, Nafarroa da Hego Euskal Herriko lurralderik gazteena, 60 urtetik gorakoen portzentajea % 19,3koa baitzen iaz (2001ean % 22koa zen). 20 urtetik beherakoen kasuan, gazte kopuruak nabarmen gora egin duen arren, haien pisua populazio osoan bi puntu txikitu da, % 16,3 izateraino.

Baina, zein da Nafarroako udalerririk gazteena? 2003an, Zizur Nagusi, Eguesibar eta Aranguren udalerriek zituzten gazte gehien, herritarren % 27-30 baitzen 20 urtetik beherakoa; gainera, 60 urtetik gorakoen portzentajea ere oso txikia zuten, % 6-9 artekoa. 20 urte beranduago, aldiz, Etxarri (% 33,3), Eguesibar (% 32,4) eta Zizur Txikia (% 31,8) herriek izan zuten gazte portzentajerik handiena. Herri zaharkituenei begiratuz gero, 2001ean Castillonuevok (% 78,9), Muesek (% 60,7) eta Sorladak (% 59,5) zituzten 60 urtetik gorako gehien; 2021ean, berriz, Lerga (%76), Javier (% 63,2) eta El Busto (% 62,2) izan ziren rankingean nagusi.

Iruñerria, tokikoen belaunaldi erreleboa bermatuta duen eskualde bakarra

Heriotzen eta jaiotzen arteko balantze negatiboa 2016an hasi zen Nafarroan, 2008tik aurrera jaiotzen goranzko joerak goia jo eta beheranzko bidea hartu ondoren. Eskualdearen arabera, iraultza lehenago edo beranduago ailegatu zen; hala ere, badira heriotzak beti nagusi izan diren inguruak, herri txiki eta zaharkitutakoez betetakoak, hain zuzen. Hala, Zangozerrian, Pirinioetan, Estellerrian eta Erdialdean ez da erreleborako urterik egon 2001etik 2021era. Iruñerrian, berriz, soilik 2020an izan ziren heriotza gehiago jaiotzak baino, betiere covid-19ak eraginda. Gainontzeko eskualdeetan, joerak gorabeheratsuak izan dira, garai eta lurraldearen araberakoak.

Bestalde, badira 20 urtean jaiotzarik izan ez duten udalerriak, bakarrak Hego Euskal Herrian: Abaurrepea (Pirinioak), Azuelo (Estellerria), Castillonuevo (Zangozerria) eta Orreaga (Pirinioak). Lau udalerriak dira txikiak, 100 biztanle ingurukoak, eta, horietan guztietan, 60 urtetik gorakoak dira nagusi. Areago, badira 20 urtez azpikorik ez dituztenak, hala nola Azuelo eta Castillonuevo.

Migrazio-fluxuei dagokienez, orokorrean, immigrazioak gehiago izan dira emigrazioak baino eskualde guztietan, Pirinioetan izan ezik. Hala, migrazioen arteko balantzeak goia jo zuen 2007an; eta, inflexio-puntu horretatik aurrera, beheranzko joera hasi zen, 2012an saldoa negatiboa izan arte. Ia leku guztietan errepikatzen den joera da hori; izan ere, 2012-2016 aldian, gurera etorritakoen kopuruak behera egin, eta guretik kanpora joandakoak gora egin zuen nabarmen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Gaurko albisteak Nafarroan EAE albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Datu-kazetaritza Nafarroa