Mundua -
Hitzordua
Hauteskunde erregionalak deitu dituzte gaurko Venezuelan
17 milioi venezuelarrek dute gaur 360 lurralde-gobernadore aukeratzeko eskubidea. Ebakuntza egin ostean, Hugo Chavez presidenteak Kuban jarraitzen du sendatzeko asmoz.
Erredakzioa
17 milioi venezuelarrek dute gaur hauteskunde erregionaletan boza emateko eskubidea. Venezuelako herritarrek Kuban dute arreta jarrita, izan ere, asteartean ebakuntza egin ostean, Hugo Chavez presidenteak bertan jarraitzen du minbizia gainditzeko asmoz.
Hautesleek 360 kargu hautatuko dituzte, 23 gobernadore eta 237 lurralde-diputatu barne. Venezuelako agintariek aitortu dutenez, hitzordu "konplexua" da. Boza emateko 23 estatuko 12.700 hauteslekuetan 36.000 hauteskunde-mahai prestatu dituzte. Lurralde bakoitzeko kargu kopurua desberdina da: horietako 56etan hiru boto emango dira; beste bederatzitan, bost; eta gainontzekoetan, berriz, sei boza eman beharko ditu herritar bakoitzak.
Garaipen berriaren zain
Chavezen aldeko hautagaiak eta oposizioko hautagaiak aurrez aurre egon dira berriro ere hauteskunde-kanpainan. Oposizioak indarra galdu du presidentziarako urriaren 7an izandako porrotak bultzatuta. Hauteskunde horietan Chavezen alderdiak 21 estatutan irabazi zuen. Gauzak horrela, garaipen berria espero du Chavezek. Hala ere, bere gaixotasuna dela eta, presidentearen protagonismoa bigarren maila batera igaro da.
Hilaren hasieran Kubara joan zen, bertako medikuek artatu ziezaioten. Hasiera batean minbiziak okerrera egin duela ukatu bazuen ere, zelula gaiztoak atzeman zizkiotela eta ebakuntza berria behar izango zuela aitortu zuen orduan presidenteak.