Mundua -
HOTZ-BOLADA
123 pertsona hil dira hotz-bolada batean, Errusian
Tenperatura baxuenak 50 gradu zero azpikoak izan dira, herrialdeko zenbait puntutan. Milaka etxebizitza ur eta argi barik geratu dira hotzak eragindako kalteak direla eta.
Erredakzioa
Siberia eta Errusiako beste lurralde batzuk jotzen ari den hotz-boladak 123 pertsona hil ditu. Osasun zerbitzuetatik azaldu dutenez, “azken egunetan pertsona bat hil da izoztuta Tomsken, beste bat Tatarstanen, eta beste horrenbeste gertatu da Kurbanen, Adiguean eta Voronezhen; Yaroslavlen bi pertsona hil dira izoztuta”.
Osasun zerbitzuek ehunka pertsona artatu behar izan dituzte, izozte sintomak direla eta. Guztira, hotz-boladak eraginda, 1.745 pertsonak izan dituzte izozte sintomak, eta erdia baino gutxiago ospitaleratu dituzte.
Gaurik hotzena larunbatekoa izan zen; Moskun 23 gradu neurtu zituzten, zero azpitik, eta alboetako herrietan 28 gradu zero azpira heldu ziren. Tenperatura hotzena, nolanahi ere, Txukotka penintsulan hartu zuten: -50 ºC.
Horregatik, herriko agintariek janari beroa eta hotzaren aurkako babesa eskaini dituzte, hainbat esparru berezitan.
Zerbitzu meteorologikoek adierazi dutenez, hotz-bolada hurrengo egunetan bukatuko da, eta tenperaturek gora egingo dute.