Mundua -
103 urte zituela
Rita Levi-Montalcini Medikuntzako Nobel sariduna hil da
Zientzialari italiarrak Nobel saria jaso zuen 1986. urtean zelula neurologikoen hazkundeari buruz egindako ikerkuntzari esker.
Erredakzioa
Rita Levi-Montalcini Medikuntzako Nobel saridun italiarra hil da igande honetan Erroman, 103 urte zituela, Italiako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Familia judua izanda, Levi-Montalcini Turinen jaio zen 1909ko apirilaren 22an. Zientzialari italiarrak eta Stanley Cohenek Nobel saria jaso zuten 1986. urtean zelula neurologikoen hazkundeari buruz egindako ikerkuntzari esker.
Distira Italiari
Berria ezagutu bezain laster Mario Monti Italiako lehen ministroak "mina eta atsekabea" erakutsi dio emakumezkoaren familiari. Montik dioenez, ikerlariak "distira eman dio Italiari", eta "bizitza osoan zehar bere sinesmenak defendatzeko borroka egin du".
Vatikanoa ere Levi-Montalciniren heriotzagatik minduta azaldu da. Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak esan duenez, Medikuntzako Nobel sariduna "Italiako pertsonai garrantzitsua da, ez bakarrik bere ibilbide profesionalean egindako merituengatik, bizitzan hartutako konpromiso zibil eta moralagatik inspirazio iturria bihurtu delako".
Sari anitz
Nobel Sariaz aparte, Levi doktoreak golardo ugari jaso zituen, tartean, Espainiako Ikerkuntza Zientifikoetarako Goi Batzordeko bi sari: bata, 1988an, eta bestea, Urrezko Domina, 1990. urtean.