Mundua -
New York
Hillary Clinton ospitalean dago, odolbildu baten ondorioz
AEBetako Estatu idazkaria atseden hartzen ari zen abenduaren 15ean konortea galdu ostean eta mediku azterketa batean atzeman diote arazoa.
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria New Yorkeko ospitale batean dago ingresatuta ohiko mediku azterketa batean odolbildu bat atzeman diotelako, Philippe Reines bozeramaileak jakitera eman duenez.
AEBetako Estatu idazkaria atseden hartzen ari zen abenduaren 15ean konortea galdu ostean eta gaur sartu dute ospitalean, odolbilduen kontrako tratamendua jasotzeko.
48 orduz zaintzapean izango dute medikuek tratamenduak on egiten ote dion ikusteko eta zorabioaren ondorioz "sortu zitzaizkion beste arazo batzuen egoera" aztertzeko.
65 urteko Estatu idazkaria AEBetako diplomaziaren buru izan da azken urteetan eta aurrera eta atzera ibili izan da atzerrian. Abenduaren 15ean konortea galdu zuen eta ondorioz deshidratatu eta ahuldu egin zen.
Osasun arazo horiek zirela eta, Clintonek bertan behera utzi zituen atzerrira egin beharreko bidaiak eta Kongresuan egin behar zuen agerraldi bat.
Azaroko hauteskundeetan Obamak irabazi bazuen ere, Clintonek argi adierazi zuen ez zuela Estatu idazkari izaten jarraituko beste lau urtez, eta 2016an presidentegai izateko aukera ere baztertu izan du.