Mundua -

Medikuntza

Erresuma Batuko lehen esku transplantea egin dute

Mark Cahill, 51 urtekoa, emaile baten eskua jasotzeko berea moztu egin behar izan dioten lehena ere izan da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrogeita hamaika urteko gizon bat esku transplantea jaso duen lehen britainiarra izan da. Hain zuzen ere, Leedseko (Ingalaterrako iparraldea) ospitalean egin dute ebakuntza, herrialde horretako hedabideek jakinarazi dutenez.

Transplantea Mark Cahill izeneko gizon bati egin diote. West Yorkshirekoa (Ingalaterrako iparraldea) da, eta taberna batean egiten du lan.

Eskuineko eskua mugitu ezinik zeukan, hezueriaren ondorioz. Duela 20 urte, oinetan izan zuen gaixotasuna, baina ondoren eskuetara hedatu zitzaion.

Ebakuntza abenduaren 27an egin zuten, Leeds General Infirmary zentroan, zortzi ordu iraun zuen, eta zailtasun handikoa izan zen, nerbioak esku berriarekin konektatu behar izan zituztelako.

Medikuen esanetan, oraindik goiz da esku berriak mugikortasun handia edo txikia izango duen jakiteko. Oraingoz, atzamarrak mugi ditzake, baina ez du ukimenik.

"Une honetan ondo nago, ez dut min handirik", esan du gizonak, hedabideetan.

Esku transplantea jaso duen lehen britainiarra ez ezik, emaile batena jasotzeko bere eskua moztu egin behar izan dioten lehena ere izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea