Mundua -
Ezbeharra AEBetan
Bi pertsona hil dituzte eta bat zauritu, tiroketa batean, Kentuckyn
Gizon bat eta emakume bat dira hildakoak. Nerabe bat larri zauritu da eta ospitalera eraman dute.
Bi pertsona hil dira eta beste bat zauritu da AEBetako Kentucky estatuko unibertsitate bateko aparkalekuan izandako tiroketa batean.
16:30 inguruan gertatu da ezbeharra. Antza denez, erasotzailea tiroka hasi da Hazard hiriko Eskola Teknikoko aparkalekuan eta 20 urteko emakume bat, eta horren 53 urteko osaba hil ditu, bertako hedabideen arabera.
Halaber, nerabe bat larri zauritu da eta ospitalera eraman dute.
Hazard hiriko Poliziaren buruak azaldu duenez, "tiroketak ez dauka zerikusirik Eskola Teknikoarekin". Poliziako beste kide baten arabera susmagarri nagusia 21 urteko gizon bat da , eta bere burua entregatu du.
Antza denez, susmagarri nagusia bikotekide ohiarekin elkartu zen unibertsitateko aparkalekuan bere semea ikusteko.
Ezbeharren ondoren, eskolak eten dituzte Eskola Teknikoan, Stephen Greiner zuzendariak jakinarazi duenez. Tiroketaren unean 28 pertsona zeuden eraikinaren barruan.