Mundua -

Istripua

Gutxienez bi lagun hil dira helikoptero-istripuz, Londres erdigunean

Beste bi pertsona ospitalera eraman dituzte, zaurituta. Ezbeharra goizeko bederatziak aldera izan da Vauxhalleko geltokitik gertu.

Ketza zabaldu da istripuaren ondorioz. Argazkia: Aaron James Rodgers
Ketza zabaldu da istripuaren ondorioz.
Helikoptero batek garabi bat jo du, Londres erdigunean

1:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Helikoptero batek garabi bat jo du Londreseko erdigunean dagoen tren-geltoki batetik gertu eta ondorioz bi pertsona hil eta beste bi zauritu dira, BBC telebista-kateak polizia-iturriak aipatuta jakitera eman duenez.

Goizeko bederatziak aldera gertatu da ezbeharra Vauxhall geltoki aldamenean, Poliziak, suhiltzaileek eta garraio zerbitzuak azaldu dutenez.

Lekukoen arabera, eraikin baten gainean jarritako garabi bat jo du helikopteroak eta lurrera erori da. Ondorioz, su bola handi bat sortu omen da eta inguruan zeuden hiru auto kiskali dira.

Oraindik ez dute argitu hildakoak helikopteroan zihoazen ala lurrean zeuden istripua gertatu zenean.

Garabia "St George Wharf Tower" izeneko eraikinean dago, Europako etxebizitza dorre altuenetako batean, Thames ibaiaren alboan, eta jende asko ibili ohi den auzo batean.

Londreseko Poliziak agiri batean jakitera eman duenez, "bi hildako daudela baiezta dezakegu, eta ez dugu xehetasun gehiago. Beste bi pertsona Londres hegoaldeko ospitale batera eraman dituzte, baina oraingoz ez dago haien egoeraren berririk".

Gero, King's College ospitaleko bozeramaile batek adierazi du bi pertsonak zauri arinak izan dituztela eta bertan artatzen ari direla.

Suhiltzaileen zerbitzuko ordezkari batek adierazi du garabia modu "txarrean" jarrita zegoela eraikinaren gainean.

Trenbidetik eta merkataritza zentro batetik gertu izan da ezbeharra eta bertara joan dira zortzi suhiltzaileen kamioi, erreskate taldeak eta 60 suhiltzaile. Gizon bat ibilgailuaren barrenetik atera behar izan dute.

Londreseko Terrorismoaren Kontrako taldeko bozeramaile batek azaldu duenez, "oraingoz ez dago ezer gertakaria terrorismoarekin lotzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea