Mundua -

Erreferenduma

Britainia Handia eta Europar Batasuna; 40 urteko zailtasunak

Europaren aurkakoen eskaerei kasu eginez, Cameronek amore eman du; 2015. urteko hauteskundeen ostean, Erresuma Batuak erreferendumean erabakiko du EBn jarraitu edo ez.

David Cameron. Argazkia: EFE
David Cameron.
David Cameron. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40 urte pasatu dira Londres Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenetik eta Europarekin izan dituen harremanak ez dira errazak izan.

Edward Heath lehen ministro kontserbadoreak lortu zuen. Europar amorratua zen eta aurretik birritan Frantziaren betoagatik lortu ez zuen arren, azkenean, 1973. urtean bertan sartzea lortu zuen. 1975ean erreferenduma egin zuten eta britainiarren % 67k Europako Ekonomia Erkidegoan sartzearen alde eman zuen bozka.

Hala ere, Margaret Thatcher kontserbadorea 1979an boterera iritsi zenean, Britainia Handiaren eta Europaren arteko harremanak zaildu egin ziren.

Europaren kontrako jarrera azaldu zuen, eta 1984an, herrialdeak urtero Europatik jasotzen zuen diru-itzultzea negoziatzeko, planto egin zuen.

Thatcherren negoziatzeko talentuari esker, hirugarrenez hautatu zuten britainiarrek lehen ministro gisa 1987an.

Hurrengo Gobernuak, John Majorrenak, Europarekin ere arazoak izan zituen, batez ere Europaren aurkakoen botere handitzearen ostean.

Majorrekin Londresek gogor negoziatu zuen, batik bat Maastrichteko Itunera eraman zuten elkarrizketetan, 1992.urtean. Moneta batasuna adostu zuten, moneta bateratu bat lortzeko eta politikoki elkarlana areagotzeko helburuekin.

Era honetan, Majorrek "opt-out" izeneko salbuespen bat lortu zuen. Britainia Handiak ez zuen moneta batasunean sartu beharko, beraz, eurotik kanpo gelditzeko aukera zuen.

Hala ere, 1997an Tony Blair laboristaren iristeak, "torien" Gobernuekin amaitu zuen eta 18 urteetan izandako Europarekiko jarera aldatu zuen; Europar Batasunaren araudia onartzeko prest azaldu zen.

Baina Londreseko Gobernuak librarekin jarraitzea erabaki zuen, 1999an euroa indarrean sartu zen arren.

2007an, Blair Gobernutik atera eta Gordon Brown laborista iritsi zenean, Lisboako Ituna berretsi zuen, Europar Batasunaren funtzionamendua hobetzeko asmoz.

2010. urtean, David Cameron kontserbadoreak Gobernua lortu eta liberal-demokratekin koalizioan dagoen arren, Europarekin dituzten harremanak berriro zaildu egin ziren, Europak krisi sakona duen unean hain justu.

Alderdi Liberal-Demokrataren Europaren aldeko jarrera dela ere, lehen ministroa Europar Batasunarekin harremana negoziatzeko eta Bruselako eskumenak Londresera itzultzeko tematuta dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea