Mundua -
Eraso informatikoak
'Aurki' I-11 informatiko bat jazo daitekeela ohartarazi dute AEBek
AEBetako Gobernuaren esanetan, edozein herrialderen oinarrizko azpiegiturek eraso informatiko suntsitzailea pairatzeko mehatxua benetakoa da.
Erredakzioa
Janet Napolitano AEBetako Segurtasun idazkariak ohartarazi duenez, "aurki" 2001. urteko irailaren 11ko atentatuen tamaina izango lukeen eraso informatiko bat jazotzeko arriskua dago.
Horren esanetan, mehatxua benetakoa da, eta edozein herrialdetako oinarrizko azpiegituren aurkakoa izan liteke. Adibide gisa, ur eta energia zerbitzuak aipatu ditu. Kalteak 'Sandy' urakanak abenduan eragindakoak beste izango liratekeela nabarmendu du.
"Uneoro mehatxuak daude, eta hainbat lekutatik iristen dira; askotarikoak dira, eta gero eta sofistikatuagoak", gaineratu du.
Hori dela eta, "I-11 informatiko bat" jazo baino lehen neurriak hartu behar direla irtzi dio, eta, horrenbestez, eraso informatikoei aurre egiteko lege aurreproiektua onartzeko dei egin dio Kongresuari.
Lege horrekin, AEBetako Gobernuak eta aipatu azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresa pribatuek informazioa partekatu egin beharko lukete.
Sektore pribatua, baina, legearen aurka agertu da, Gobernuak bere informazioetan esku hartzea galarazi nahi baitu.