Mundua -

Kiss diskoteka

233 lagun hil dira Brasilgo diskoteka batean izandako sutean

100 zauritutik gora daude. Diskotekatik ateratzea oso zaila izan da larrialdietarako irteera bakarra zegoelako. Sutea sabaian hasi da une horretan jotzen ari zen taldeak petardo bat bota eta gero.

Suhiltzaileak zauritutakoak ateratzen. Argazkia: EFE
Suhiltzaileak zauritutakoak ateratzen. Argazkia: EFE
232 lagun hil dira Brasilgo diskoteka batean

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

233 lagun hil dira larunbat goizalde honetan Santa Maria herriko (Brasil hegoaldea) diskotekan gertatu den sutean. Halaber, 100 zauritutik gora daude.

Hegoaldeko Rio Grandeko Polizia Militarraren Operazio Berezietarako Taldearen buruzagiak esan duenez, gorpuak Udal Polikiroldegira eraman dituzte identifikazio lanekin hasteko.

Jende-oldea

Kiss diskotekara joan den lagun batek kontatu duenaren arabera, sutea hasi ostean, jendea larritu eta korrika ateratzen saiatu da, baina une horretan,  jende-oldea lurrera erori eta bata bestearen gainetik pasatzen saiatu dira.

Diskotekako segurtasun agente batek esan du eszenatokian zegoela jotzen ari zen taldeak bengala bat jaurti duenean. Ustez, horrek eragin du sutea eta su-itzalgailua hartu duen arren, ez duela funtzionatu gaineratu du.

"Jendea negarrez ari da. Ospitaleetako langileei desagertutako senitartekoen argazkiak eramaten dizkiete".

Bestalde, bizirik atera den gazte batek esan duenez, sutea teilatuan hasi zen, abeslariak bengala bat piztu ostean.

Bestalde, diskoteka zabalik izateko baimena joan den abuztutik iraungita dago, suhiltzaileek aditzera eman dutenez.

Unibertsitateko jaia

Sutea Santa Mariako diskoteka batean piztu da, Hegoaldeko Rio Grande estatuan, Brasil hegoaldean, Uruguay eta Argentinarekin mugan. Bertan, Santa Maria Unibertsitate Federaleko hainbat kurtsoetako ikasleen festa egiten ari ziren.

1.000 eta 2.000 lagun inguru zeuden "Kiss" diskotekan "Hora Zero" egunkariaren arabera, gehienak nerabeak eta unibertsitateko ikasleak. Bertako 02:00etan piztu da sutea poliziak jakinarazi duenez.

"Suhiltzaileak biktima gehiagoren bila dabiltza eta ezin dugu hildakoen kopuru zehatzik eman", esan du suhiltzaileen zuzendariak. "Hildako gehienak itota hil dira. Izuaren eraginez bata bestearen gainetik pasatu dira", gaineratu du.

Lehen ikerketen arabera, sutea diskotekako sabaian hasi da. Une horretan eszenatokian jotzen ari zen taldeak petardo bat bota du ustez eta soinua isolatzeko aparrak su hartu du, "Zona Hora" egunkariak argitaratu duenez.

Festa iragartzen zuen kartelaren arabera, Clube do Samba eta Live Pop Trio taldeek jotzen zuten festan.

Bertan zeuden lagunek ezin izan dute berehala diskotekatik atera larrialdietarako irteera bakar bat zegoelako. Suhiltzaileek paretan zulo bat egin behar izan dute jendeak azkarrago atera ahal izateko.

Rousseffen bisita

Dilma Rousseff Brasilgo presidentea Santa Maria hirira heldu da igande arratsalde honetan, eta zuzenean, biktimei bisita egiteko ospital batera abiatu da, iturri ofizialek jakitera eman dutenez. Rousseffek hiru dolu-egun ezarri ditu Brasilen biktimen omenez.

30 dolu-egun

Cezar Schirmer Santa Mariako alkateak 30 dolu-egun ezarri ditu Kiss diskotekako tragedia dela eta.

Goizaldean iritsi da Schimer diskotekara erreskate lanak gertutik jarraitzera eta medikuei, erizainen, psikologoei eta osasun saileko profesionalei biktimak laguntzeko eskaera egin die.

Goizean, Hegoaldeko Rio Grande estatuko gobernadorea egon da alkatearekin batera, eta arratsaldean Dilma Rousseff presidentearen bisita espero dute.

Santa Marian 261.000 lagun bizi dira. Asko unibertsitateko ikasleak dira; izan ere, bertan zortzi unibertsitate daude, garrantzitsuenetako bat Santa Maria Unibertsitate Forala. Festan zeuden ikasle gehienak hain justu bertako ikasleak ziren.

Langile prestatuak

Bestalde, Kiss diskoteka brasildarraren administrazioak ezbeharra deitoratu du, eta langileak "edozein baldintzei aurre egiteko prestatuak" zeudela azpimarratu du. Facebooken zabaldutako ohar baten bidez adierazi duenez, bizirik atera diren lagunei eta biktimen senitartekoei laguntza eta babesa eskaintzea da lehentasuna. Horretarako, diziplina anitzeko taldea sortu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea