Mundua -
Itxiera-ekitaldia
Inbertsioak sendotzeko konpromisoa berretsi dute Txileko Goi-Bileran
Bestalde, krisiari aurre egiteko herrialde bakoitzak ahalegin desberdin egitearen alde azaldu da Mariano Rajoy Gobernuko presidentea.
Erredakzioa
Europar Batasuna eta Celac Latinoamerika eta Karibeko Estatuko Erkidegoen arteko Goi-Bilerari amaiera eman diote igande honetan Txilen, eskualde hauen arteko harreman ekonomikoak suspertzeko eta inbertsioentzako giro egokiagoa sortzeko konpromisoarekin.
"Inbertsioak sustatzeko eta etorkizunean gure harreman estrategikoari bultzada emateko elkarrizketa mamitsuak izan ditugu azken egunotan", azaldu du Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidenteak goi-bileraren itxiera ekitaldian. Batzarrak bi egun iraun ditu, eta Europako nahiz Latinoamerikako 60 agintari bildu dira bertan.
Van Rompuyk azpimarratu duenez, herrialdeen artean izandako elkarrizketak "funtsezkoak izango dira datozen belaunaldietara begira, garapena jasangarria izateko, eta alde bientzako onuragarria izateko".
Halaber, Europar Batasuna, Kolonbia eta Peruren artean merkataritza askea garatzeko hainbat itun sartuko dira indarrean datozen hilabetetan. Horrek "mozkinak" ekarriko dituela azpimarratu du Van Rompuyk.
Ahalegin desberdinak
Bestalde, krisiari aurre egiteko herrialde bakoitzak ahalegin desberdin egitearen alde azaldu da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Horren esanetan, hainbat herrialdek ekonomiari bultzada emateko neurriak ezarri ahal dituzte, baina beste hainbat herrialdek, berriz, defizita mugatzeko neurriak ezarri behar dituzte.
Goi-bileran eskainitako agerraldian Rajoyk hazkunde ekonomikoaren aldeko mezuak zabaldu ditu, baina adostutako neurrien alde azaldu da.