Mundua -
Kuba
Fidel Castro Kubako hauteskundeetan berragertu da
Buruzagi iraultzailea Parlamentua eta probintzietako asanbladak berritzeko botoa ematera joan da, lehenengo aldiz 2006tik.
Erredakzioa
Asanblada Nazional berria aukeratzeko hauteskundeak egin berri dituzte Kuban, bart, eta aste gutxi barru berriz ere Raul Castro izendatuko dute presidente beste bost urterako. Hala ere, hauteskunde egunak utzi duen argazki nagusia Fidel Castrorena izan da, aspaldiko partez jendaurrean azaldu baita botoa ematen.
2006tik hona, bere laguntzaileek eman izan dute botoa bere izenean. Kasu honetan bera agertu da, Habanako Iraultza plazako hauteslekuan.
Alkandora koadroduna eta txaketa beltza soinean, eta konkortuta agertu da Castro. Bertan zeuden umeak agurtu eta kazetariekin hizketan aritu da.
Herri kubatarra herri iraultzailea dela esan du Castrok, sakrifizio handia egin duela eta hori historiak berak frogatu duela, 50 urteko blokeoaren ondoren, zutik jarraitzen dutelako.
Hauteskunde hauetan erroldatuta daudenen %85ek eman du botoa. 612 hautagai, 612 eserleku betetzeko. Aurrez, hautagai hauek tokian tokiko herri-batzarretan izendatu dituzte. Horregatik, sistema partehartzailea dela diote aldekoek; alderdi komunista da, ordea, legezko alderdi bakarra eta ondorioz, hauteskunde hauek antzerki hutsa direla uste dute disidenteek, ez omen dagoelako ideia eztabaidarik.
Otsailaren 24an osatuko dute ofizialki Parlamentua, eta Raul Castro berriz ere beste bost urterako presidente izendatzea espero da.