Mundua -

Polemika Hegoamerikan

'Argentinarrak hil, boliviarrak fusilatu eta peruarrak lepogabetu'

Txileko Armadako oihu batzuek iskanbila handia sortu dute, esandakoek kutsu arrazista nabarmena dutelako. Oihuak bideoan grabatuta daude eta Internet bidez zabaldu dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edmundo Gonzalez Txileko Armadako komandante nagusiak ikerketa bat abian jarriko dutela iragarri du, Txileko soldaduek argentinarren, peruarren eta boliviarren kontrako oihuak ematen dituzten bideo bat agertu ondoren.

Bideoa Viña del Mar hirian grabatu zuten, eta Marinako soldaduak ondorengoa oihukatzen agertzen dira: "Argentinarrak hil, boliviarrak fusilatu eta peruarrak lepogabetu egingo ditut'

Gonzalezek Twitterren iragarri du ikerketa egingo dutela, bideoan agertzen dena "egia dela" konfirmatzeko eta grabazioa noiz eta non egin zen argitzeko.

"Salatutakoa konfirmatuz gero, arduradunei zigorrik handiena jarriko diegu", azpimarratu du. "Horrelako jarrerak Armadan erakusten denaren kontra doa, erakundearen doktrinaren kontrakoa da, eta onartezinak dira", gaineratu du.

"Horrelako leloak beti erabili izan dira"

Hala ere, Txileko diputatu batek ironia erabili du gertatutakoaz hitz egiteko: "Zer da Marinak nahi duena, umeen kantak abestea?".

"Armadaren erreakzioa lotsagarria da", esan du, "horrelako kantak beti erabili izan dira Armadan. Ni kadetea izan nintzen duela 20 urte eta gauza bera abesten genuen", adierazi du Gonzalo Arenas UDI alderdi ofizialista eta ultrakontserbadoreko parlamentariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea