Mundua -
Exekutatu behar zituzten
Saudi Arabiako erregeak indultua emango die zazpi gazteei
Astearte honetan exekutatu behar zituzten, armak erabilita lapurreta egiteagatik. Delitua egin zutenean adingabeak ziren.
Erredakzioa
Abdala bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregeak indultua emango die astearte honetan lapurreta egiteagatik exekutatu behar zituzten zazpi gazteei, Al Karama giza eskubideen erakundeak jakitera eman duenez. Heriotza zigorra ezarri zieten zazpi gazteei, armak erabilita lapurreta egitea egotzita. Amnistia Internazionala erakundeak salatu duenez, delitua egin zutenean adingabeak ziren.
Ordu batzuk lehenago, zazpi gazteen exekuzioa atzeratu behar zutela baieztatu dute gazteen familietako iturriek, auzitegi batek epaiketa berri bat egiteko eskaera aztertzen duen bitartean.
2005. martxoaren eta 2006. urtarrilaren artean atxilotu zituzten zazpi kondenatuak, duela hiru urte ezarri zieten heriotza zigorra, eta otsailean zigorra berretsi zuen Abdula erregeak. Amnistia Internazionalak salatu duenez, ezpata batez lepoa moztuta hil behar zituzten zazpiak, eta horietako bat, taldearen burua, gurutzean josiko zuten ondoren.
Presoen baldintza txarrak salatu dituzte
"Presoaldian baldintza txarretan eduki zituzten: jipoitu egin zituzten, ez zieten janaririk eta urik eman, lo egitea eragotzi zieten, 14 orduz jarraian zutik egonarazi zituzten, eta aitortzak egin eta horiek sinatzera behartu zituzten", salatu du Amnistia Internazionalak.
Erakundeak ohar baten bidez esan duenez, "epaiketa aurretik, hiru urte eta erdiz kartzelan egon ziren. 2009an epaitu zituzten, ordu gutxi iraun zuen eta gazteek ez zuten abokaturik izan, ezta apelazioa aurkezteko eskubiderik ere".
Urtea hasi denetik 17 lagun exekutatu dituzte
Saudi Arabian 2011. urteaz geroztik egiten den lehen taldekako exekuzioa da. Orduan, Bangladesheko zortzi pertsona hil zituzten, armak erabilita lapurreta egitea egotzita.
Amnistia Internazionalak emandako datuen arabera, urtea hasi denetik Saudi Arabiako agintariek 17 lagun exekutatu dituzte. 2011n eta 2012an 80 lagun hil zituzten urtean, hilketa, lapurreta, droga trafikoa, magia beltza edota sorginkeria egotzita.