Mundua -
Brusela
Belgikako Finantza ministroak dimisioa eman du
ACWren eta Belfiusen arteko itun ekonomiko batek sortu duen eskandaluagatik eman du dimisioa.
Erredakzioa
Steven Vanackere Belgikako lehen ministro orde eta Finantza ministroak dimisioa eman du, ACW Flandriako Langile Mugimendu Kristauaren eta Belgius nazionalizatutako Dexia taldeko filialaren arteko itun ekonomikoak sortu duen eskandalu politikoaren ondorioz.
"Lehen ministroarekin (Elio Di Rupo sozialista) hitz egin berri dut eta nire alderdiko (CD&V demokristaua) presidenteari ni ordezkatuko nauen norbait bilatzeko eska diezaiola esan diot", adierazi du Vanackerek adierazpen publiko batean.
Urtarrilean, Belfiusek ACWk eta Dexiak Belfius Assurance eta Belfius Banque erakundeetan zituen akzioak erosi zituen 110 milioi euroren truke.
"Finantza ministroak gezurra esan du asteburu honetan VRT telebista-katean. Wouter Devriendt Belfiusen administratzailea ez zela bere kabinetekoa esan zuen. Hamabi ordu geroago, Devriendtek bere kabinetean bulego bat eta helbide elektroiko bat zituela baieztatu zuen", Le Soir egunkariak jakitera eman duenez.
Akzioen erosketa horretan interes-tasa % 1,5ekoa soilik zelako piztu zen polemika handia.