Mundua -

Hugo Chavez hil da

Eta orain, zer? Venezuelak hauteskundeak egingo ditu 30 eguneko epean

Bien bitartean, Nicolas Maduro presidenteordeak hartuko du agintea.

Nicolas Maduro, Hugo Chavezen heriotza iragartzen. EFE
Nicolas Maduro, Hugo Chavezen heriotza iragartzen. EFE
Nicolas Madurok hartuko du Venezuelako presidente kargua

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez hil eta gero, Venezuelan hauteskundeak egingo dituzte berriro 30 eguneko epean, eta, bien bitartean, Nicolas Maduro Gobernuko presidenteordeak hartuko du agintea, Elias Jaua Atzerri ministroak zehaztu duenez.

"Erabateko hutsunea dago. Beraz, Errepublikako presidenteordea izango da presidente, eta hauteskundeak izango dira 30 eguneko epean. Hori da Hugo Chavez presidente eta komandanteak abenduaren 8an eman zigun agindua", azaldu du Jauak, Telesur telebista-katean.

Egun horretan, zerbait gertatuko balitzaio Maduroren alde egiteko deia egin zien Chavezek jarraitzaileei. Bi egun geroago, abenduaren 10ean, presidentea Kubara joan zen, minbiziaren aurkako tratamendua hasteko.

Venezuelako Konstituzioaren 233. artikuluak 'erabateko hutsunea' dagoenean zer egin aurrez ikusten du, hau da, presidentea hiltzen bada, karguari uko egiten badio, fisikoki edo psikologikoki ezgai bada edo erreferendum bitartez herritarrek kargugabetzen badute nola jokatu behar den zehazten du.

Konstituzioaren arabera, "erabateko hutsunea presidenteak karguaren zina egin baino lehen jazotzen bada, hauteskundeak 30 eguneko epean izango dira, eta, bien bitartean, agintea Batzar Nazionaleko presidenteak hartuko du".

Nolanahi ere, 'erabateko hutsunea' presidenteak karguaren zina egin eta gero, eta agintaldiaren lehen lau urteetan jazotzen bada, agintea presidenteordeak hartu behar duela gaineratzen du.

Chavezek ezin izan zuen karguaren zina egin urtarrilaren 10ean (Konstituzioak egun horretan egin behar dela dio), baina Auzitegi Gorenak ez zela beharrezkoa ebatzi zuen, Chavez aldez aurretik ere presidente zelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea