Mundua -
Gehiegizko abiaduragatik
Espetxe zigorra britainiar ministro ohi bati, trafiko isun bategatik
Chris Huhne ministro liberal-demokrata ohiak gaur igaroko du lehen gaua espetxean, bere emazte ohiak bezalaxe, zigor berbera ezarri baitiote.
Erredakzioa
Auzitegi britainiar batek zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Chris Huhne ministro liberal-demokrata ohiari, 2003an gehiegizko abiaduran gidatzeagatik irekitako prozesu baten harira. Halaber, zigor bera ezarri diote horren emazte ohiari, Vicky Pryce ekonomialariari.
Londreseko Auzitegiko epailearen arabera, bi akusatuak errudunak dira eta gaur igaroko dute euren lehen gaua espetxean, "justiziari trabak jartzea" egotzita; izan ere, Prycek bere gain hartu zuen puntuak galtzea horren senar ohiari kendu behar zizkiotenean.
Huhne Nick Cleggen aurka lehiatu zen 2007an alderdi liberal-demokrataren buruzagitza lortzeko.
Prycek esan zuenaren arabera, Huhnek errua bere gain hartzera derrigortu zuen, gehiegizko abiaduran gidatzen harrapatu eta gidabaimena kentzea ekiditeko.
2003an gertatu zen, Huhnen BMWa M11 autobidean oso azkar zihoala harrapatu zutenean, Londres eta Stansted aireportua batzen dituen autobidean.
Bikotearen azpijokoa hamarkada bat geroago argitaratu zen. David Cameronen Gobernuaren Energia ministro zen eta dimisioa eman behar izan zuen Huhnek 2012ko otsailean. Gainera, orain hilabete bat Parlamentu britainiarraren eserlekuari ere uko egin zion.
"Behin eta berriro gezurra esan nuen", adierazi du. "Nire karrera salbatzeko egin nuen eta nire senitartekoei ondorioak ekiditeko asmoz".
Nigel Sweeney epailearen arabera, Huhnek emazte ohiak baino ardura handiagoa du, "puntuak aldatzeko ideia" berea izan zela argudiatuta, baina, erruduna dela onartu duenez, zigorra % 10 jaitsi dio epaileak.
Emaztearekin 26 urtez egon ostean, 2010ean banandu egin ziren ministro ohiak Carina Trimingham irudi aholkulariarekin beste harreman bat zuela argitaratu zenean. Fiskalaren arabera, Pryncek urtebete geroago senar ohiaren arau-haustea kontatu zuen mendeku gisa, nahiz eta horrek ez zuen uste bera ere prozesu judizialean nahastuta egongo zenik.