Mundua -
Immigrazioaren kontrola
Cameronek immigranteen osasun eta etxebizitza eskubideak mugatuko ditu
Britainia Handiko lehen ministroak atzerritarren immigrazioa murriztu nahi du "errotik".
Erredakzioa
Britainia Handiak immigrante berrien eskubideak murriztu nahi ditu eta osasun publikorako, langabeziaren diru-laguntzak jasotzeko eta diru-laguntzak jasotzen dituzten etxebizitzak erosteko eskubidea kendu nahi die, David Cameron lehen ministroak iragarri duenez.
Ipswichwko Suffolk Unibertsitatean emandako hitzaldi batean azaldu duenez, Cameronen Gobernuak urtero Britainia Handira joaten diren immigrante kopurua murriztu nahi du "errotik".
Helburu hori lortzeko, Britainia Handiak immigrazio politika gogortuko du, bulgariarrek eta errumaniarrek Britainia Handiko lan-merkatuan sartzeko dituzten eragozpenak altxatu baino lehenago.
"Urtero izaten dugun ehunka milako immigrazioa dozenaka milakoa izatea lortu behar dugu", adierazi du buruzagi britainiarrak; izan ere, agintera iritsi zenetik immigrazioa murriztea izan da bere helburu nagusietako bat.
Gobernuaren proiektuaren arabera, Europar Batasunetik iristen diren immigrante langabeek ez dute laguntzarik jasoko sei hilabetetan lanik aurkitzen ez badute, edo lana bilatzen ari direla frogatzen ez badute, 2014tik aurrera.