Mundua -

Heriotza

Margaret Thatcher hil da

Erresuma Batuko lehen ministro ohia apoplexia baten ondorioz zendu da, 87 urte zituela. Erreginaren amak eta Galesko Dianak izan zuten hiletaren mailakoa izango da Thatcherrena.

Margaret Thatcher.
Margaret Thatcher.
Margaret Thatcher, 'Burdinezko dama', hil da

0:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Margaret Thacher Erresuma Batuko lehen ministro ohia hil da astelehen honetan, apoplexia baten ondorioz, Lord Bell bere bozeramaileak ohar labur baten bidez jakinarazi duenez.

Erreginaren amak eta Galesko Dianak izan zuten hiletaren mailakoa izango da Thatcherrena ere, Downing Streeteko iturriek jakitera eman dutenez. Hala, Thatcherrena ez da Estatu hileta izango, baina ''militar ohoreekin'' hartuko dute 'Burdinezko dama' Londresko Katedralean. Ondoren, erraustu egingo dute, David Cameronen bulegoko iturriek iragarri dutenez. "Erreginaren baimenarekin, Lady Thatcherrek 'zeremonia hileta' izango du, ohore militarrekin''', azaldu dute ohar batean.

Britainia Handiko Parlamentuak osoko bilkura berezia deitu du asteazkenerako, lehen ministro ohia omentzeko, eta hileta datorren astean egingo dute. Eguna oraindik erabakitzeke dago. Hiletaren bezperan Westmisterrera eramango dute hilotza, eta, biharamunean egingo du Saint Paul katedralerako bidea.

Press Association agentziak jakitera eman duenez, Thatcherrek berak argi utzi omen zuen, hil aurretik, ez zuela bere hilotza jendaurrean erakusterik nahi, Britainia Handiko politikariekin egin ohi duten gisa.

Astelehen honetan, asteartean eta hiletaren egunean haga erdian jarriko dituzte banderak Downing Streeten.

Estreinako emakumea Downing Streeten

1979 eta 1990 urte artean Erresuma Batuko lehen ministro ohia izan zen. 'Burdinezko Dama' ezizenarekin mundu mailan ezaguna izan zen.

1975. urtetik aurrera, Thatcher Alderdi Kontserbadoreko buruzagia izan zen. Lau urte beranduago, Gobernua iritsi eta 11 urtez mantendu egin zen.

Gobernuan, krisi ekonomiko larriari aurre egiteko hainbat neurri bultzatu zituen, tartean sindikatuen legearen erreforma (sindikatuak botererik gabe utzi zituen). 90. urtean, bere karguari uko egin zion.

Cameron: ''Erresuma Batua salbatu zuen''

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa Madrilen izan da gaur, eta, albistea jakin eta berehala dolumina agertu du Twitterren: ''Buruzagi handia galdu dugu'', idatzi du Cameronek.

Lehen ministroak hurrengo orduetako agenda aldatu du berehala, eta Rajoyrekin batera eskaini behar zuen prentsaurrekoa bertan behera utzi du. Hala ere, Thatcher Erresuma Batua ''salbatu'' zuen ''buruzagi handia'' izan zela azpimarratu du Cameronek Madrildik. Boterea lortzeko ''oztopo guztiak'' gainditu zituela gogora ekarri du lehen ministroak.

Ordu batzuk geroago, agerraldia egin du Cameronek Downing Street kaleko egoitzan, Thatcherrek ''bere herria maite'' zuela azpimarratzeko eta, herritarren izenean, 'Burdinezko Dama'ri ''errespetua eta esker ona'' adierazteko. ''Lekua irabazi du historian'', gaineratu du.

Thatcherren ondoren bertan izan ziren John Major, Tony Blair eta Gordon Brown lehen ministro ohiek ere 'Burdinezko Dama' goraipatu dute gaur.

Isabel II.a erreginak dolumina agertu du

Ingalaterrako Isabel II.a erreginak dolumina agertu du Thatcherren heriotza dela-eta, eta familiari mezu pribatua helaraziko diola azaldu dute Buckingham jauregiko iturriek.

Gerry Adamsen kritikak

Margaret Thatcherren politikak eta Gobernuan egondako urteetan zehar Irlandako gatazkarekiko izandako jarrera kritikatu ditu Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak. ''Margaret Thatcherrek kalte handia egin zien Irlandako herriari eta britainiarriei''.

Gorbachov: "Politikari handia eta pertsona bikaina''

Mijail Gorbachov Sobietar Batasuneko presidente ohiaren hitzetan ''politikari handia eta pertsona bikaina'' izan zen Margaret Thatcher. ''Betirako geratuko da historian eta gure oroimenean'', gaineratu du.

Rajoyk Thatcherren ''ondarea'' azpimarratu du

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ere dolumina agertu du heriotza dela-eta. Haren ustez, Europako politikariek egun dituzten ''erronka zailen'' aurrean ''balio handiko ondarea'' utzi du Thatcherrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea