Mundua -

Atentatua Bostonen

'I-11n bezala sentitu gara une batean'

Bostoneko maratoian zeuden Euskal Herritik joandako lekukoek atentatua eta ondorengo kaosa nola bizi izan duten azaldu dute Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.

Boston, leherketen ostean. Argazkia: Efe
Boston, leherketen ostean.
Boston, leherketen ostean. Argazkia: Efe

Manu Gimenez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bostoneko maratoi entzutetsuan parte hartzen edo ikusle gisa zeuden Euskal Herritik joandako lekukoek atentatua eta ondorengo kaosa nola bizi izan duten azaldu dute Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.

Ibon eta Asier Zarraonandiak maratoian parte hartu zuten, eta lehenengoak Radio Euskadin azaldu duenez, "helmugara iritsi berri nintzen" lehenengo leherketa entzun zenean. "Lehergailuetako batek helmugatik gertu egin du eztanda, eta ikusleei egin die korrikalariei baino min handiagoa", gaineratu du.

Zarraonandiak zehaztu duenez, "helmuga itxi egin dute" lehenengo leherketen ostean, eta Asier anaia maratoia amaitzetik 500 metrora geratu da, han "gelditu egin baitituzte". Orain, Bostonen "Poliziaren autoak soilik" ikusten omen dira.

Iker Cillero "etxera bidean" harrapatu du atentatuak. Bostoneko maratoia ikustera joana zen eta etxera bidean autobusa hartzera zihoanean "bi leherketa entzun dira eta, bost segundora, poliziak korrika hasi dira eta lasterketa gelditu dute". Orduan, "elkarri begira jarri gara, zerbait txarra gertatu zela ohartu gara eta jendea urduritzen hasi da", Cillerok adierazi duenez.

"Maratoiaren inguru guztia itxi egin dute, eta FBIko kideak, poliziak eta militarrak soilik ikusten dira Bostonen, urteko egun garrantzitsuenean", azaldu du Harvard unibertsitatean master bat ikasten ari den euskal herritarrak.

AEBetako hiriburutik, Washingtondik, Mark Biter jatorri euskalduneko estatubatuarrak hitz egin du Euskadi Irratian, eta Bostonentzat "horren garrantzitsua den egunean" gertatutakoa "oso tristea" dela azpimarratu du.

Biterrek gogora ekarri duenez, "ia 12 urte pasatu dira antzeko ezer gertatu gabe, eraso terrorista dirudien erasorik gertatu gabe. Une batzuetan I-11n bezala sentitu gara. Izan ere, hemen ez da horrelako erasorik gertatzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea