Mundua -

NBE-ren datuak

860 milioi pertsona inguru bizi dira 'favela'tan munduan

Kopurua urtetik urtera hazten ari da: 2000. urtean 760 milioi lagun bizi ziren gisa horretan, eta 12 urtean 100 milioitan hazi da txabola herrixketan bizi direnen populazioa.

Rio de Janeiroko favelak. Argazkia: EiTB
Rio de Janeiroko favelak.
Rio de Janeiroko favelak. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

860 milioi pertsona inguru bizi dira favelatan munduan, eta etengabe hazten ari da kopurua gainera. Joan Clos Giza asentamenduen programarako Nazio Batuen Erakundeko (NBE) zuzendariak adierazi duenez, planetaren urbanizazioa prozesu azkarra da hazkunde azkar horren arrazoi nagusia.

"Zenbaki harrigarria da, eta hazten doa gainera", adierazi du Closek. 2000. urtean 760 milioi pertsona bizi ziren txabolez osatutako herrixkatan, eta 12 urtean 100 milioitan hazi da favelatan bizi direnen kopurua, NBEak bildutako datuen arabera.

Joan Closek ongi ezagutzen du faveletako errealitatea, eta Bartzelonako alkate izan zenean txabolismoari aurre egiteko programak jarri zituen abian.

2010eko urriaz geroztik NBE-Habitat saileko arduraduna da, eta geroztik Afrikako eta Latinoamerikako hainbat favela bisitatu ditu. Azaldu duenez, erabat hunkituta gelditu izan da toki horietan dituzten bizi baldintza "gogorrekin".

"Zortzi edota bederatzi metro koadroko txabolak dira favelak. Ohe bat, bizpahiru aulki eta su txiki bat. Ez dute komunik, eta zenbaitek leiho txiki bat daukate. Espazio horretan bi edo hiru belaunaldi bizi ohi dira", azaldu du Closek.

Su txiki horietako konbustioa ez da egokia, eta, ondorioz, pneumoniaz gaixotzen dira haurrak. Txaboletan bizi direnen haurrek hirian bizi direnek baino hiru edota lau aldiz aukera gehiago dituzte pneumoniaz hiltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea