Mundua -
AEB
Bost hildako, Seattlen izandako tiroketa batean
Tiroketa apartamentu batzuetan gertatu da, Washington estatuko hiritik gertu, oraindik argitzeke dauden arrazoiak medio.
Erredakzioa
Bost pertsona hil dira Seattletik gertu dauden apartamentu batzuetan izandako tiroketan, bertako hedabideek jakitera eman dutenez.
Washington estatuan gertatutako tiroketan lau gizonezko eta emakume bat hil dira, horietako bat Poliziak tirokatuta.
Gertakariaz ohartarazten zuen dei bat jaso ostean iritsi da Polizia Federal Way izeneko herrira, tiroketa gertatu den lekura.
Bertan, poliziek tiro hotsak entzun eta pertsona batzuk ikusi dituzte, aparkalekuko lurrean botata, zaurituta. Horietako batek arma ateratzeko keinua egin omen du eta poliziak tiroz hil du, Poliziak jakitera eman duenez. Horrez gain, beste bi gizonezko hil dira aparkalekuan, eta beste gizon bat eta emakume bat aurkitu dituzte hilda apartamentu batean.
Ez da poliziarik zauritu eta oraindik ikertzen ari da zerk eragin duen tiroketa.