Mundua -
Ehungintza fabrika
223 lagun hil dira eraikin bat behera etorrita, Bangladeshen
Zortzi solairuko eraikinean lau ehungintza tailer zeuden. Atzo goizean eraitsi zen eta ehunka langile harrapatu zituen azpian.
Erredakzioa
Gutxienez 223 pertsona hil eta mila inguru zauritu dira ehungintza fabrikak zituen eraikin bat behera etorrita, Daccan (Bangladesh), bertako Poliziaren azken balantzean jakitera eman dutenez.
Rana Plaza eraikinak zortzi solairu zituen eta lau ehungintza fabrika zeuden bertan. Behera etorri zen eraikina atzo goizean, eta ehunka langile harraptu zituen azpian.
Suhiltzaileek, Poliziak eta soldaduek ehunka lagun atera dituzte hondakinen artetik, eta oraindik bizirik egon daitezkeen langileen bila ari dira.
Ez zieten pitzadurei jaramonik egin
Mostafizur Rahman Industria Poliziaren zuzendariak asteartean fabriken eraikinean agertu ziren pitzadurei jaramonik ez egitea leporatu die ehungintza enpresetako nagusiei.
"Industria Poliziak fabriketako lana bertan behera uzteko eskatu zien nagusiei pitzadurak atzeman zituztenean, baina gure aholkuei jaramonik ez zieten egin eta martxan jarraitu zuten", salatu du Rahmanek.
Zaurituetako batzuk lan egitera behartu zituztela leporatu zieten fabriken arduradunei. "Gutako inork ez zuen eraikinean sartu nahi, baina behartu egin gintuzten", adierazi zuen atzo Nurul Islamek, zauritutako langileetako batek.