Mundua -
Tiroketa, Italian
Erromako erasotzaileak politikariak zituen helburu
Tiroketaren egileak lanpostua galdu zuen, eta "etsita" zegoen, Erromako fiskalburuak azaldu duenez.
Erredakzioa
Atzo Erroman, Italiako Gobernuaren egoitzaren aurrean, tiroketa egin zuen gizonezkoak "politikariak zituen helburu, ez zegoen erotuta", Pierfilippo Laviani Erromako fiskalburuak azaldu duenez.
"Arazo asko zituen: lanpostua galdu zuen, dena galdu zuen, eta senideekin itzuli behar izan zen. Etsita zegoen", gaineratu du.
Tiroketaren egilea 49 urteko gizon bat da. Atzo, Italiako Gobernuaren egoitzan Enrico Letta lehen ministro karguaren zina egiten ari zen bitartean, erasotzailea tiroka hasi zen, eta bi polizia eta herritar bat zauritu zituen.
"Oro har, politikarien aurka tiro egin nahi zuen, baina ezin zuela ohartu zenean, poliziei egin zien tiro", esan du fiskalak, erasotzailea ospitalean ikusi eta gero. Izan ere, poliziek ere tiro eginez erantzun zioten, eta zaurituta dago.
Lavianik zehaztu duenez, armaren jatorria legez kanpokoa da, eta gizonezkoak "dena" aitortu du.
Poliziak segurtasun eremua ezarriko du gaur Diputatuen Ganberaren inguruan eta Montecitorio plazan, Lettak eta bere 21 ministroek inbestidura saioa egingo baitute.