Mundua -

Estatuaren burua

Gilen Alexandrok Herbehereetako errege karguaren zina egin du

Gilen Alexandro Orange-Nassaukoak 46 urte ditu, eta mendebaldeko monarkietako errege gazteena da, Beatriz Herbehereetako erreginak abdikatu eta gero.

Gilen Alexandrok bertan bildutakoak agurtu ditu.
Gilen Alexandrok bertan bildutakoak agurtu ditu.
Gilen Alexandro, Herbehereetako errege berria

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Karguaren zina egin du Gilen Alexandrok eta jada Herbehereetako erregea da. Amsterdamen egin dute ekitaldia, Herbehereetako Estatu Orokorren saio bateratuan.

"Zin dagizuet Erresumaren segurtasuna eta independentzia nire indar guztiekin babestuko eta defendatuko dudala", esan du errege berriak herrialdeko agintari guztien aurrean. Horien artean, besteak beste, Mark Rutte liberala, Herbehereetako lehen ministroa, zegoen.

Bestalde, lehentasunezko tokia izan du ekitaldian Katalina Amalia printzesak: bederatzi urte ditu eta bera izango da erregearen oinordekoa. Horrekin batera, orain arte erregina izan den Beatriz eta neskatoaren ahizpak egon dira. Ekitaldiaren amaieran erregea goratu dute.

Hitzaldian, erregeak herritar guztien eskubideak eta askatasuna babestuko dituela esan du, eta, "errege zintzo batek egin behar duen bezala, legeak nire esku uzten dituen baliabide guztiak erabiliko ditut oparotasuna sustatzeko", adierazi du.

Milaka lagun bildu dira plazan, eta isiltasun osoz jarraitu dute horren hitzaldia. "Erregeak ardura politikorik ez izateak ez du esan nahi erregeak ardurarik ez izatea", esan du.

"Nire ama erregina, emaztea, ama eta alaba izan da, eta ez du ardura horietan guztietan hutsik egin", esan du erregeak, eta Beatriz erreginak (printzesa da jada) "ez du ospe iheskorrik bilatu, balio iraunkorrak baino", gaineratu du, hari begirada konplizea zuzenduta.

Errege Jauregian abdikazio akta sinatu dute, eta, era horretan, Beatrizek erregina izateari utzi dio, karguan 33 urte eman eta gero. Aurrerantzean, Herbehereetako printzesa izango da berriro.

Lehen ekitaldiak 15 minutu baino ez du iraun, eta ama-semeek akta sinatu dute. Bertan, Beatrizek karguari uko egin dio eta seme zaharrenak hartu du lekukoa.

Halaber, Gilen Alexandroren emazteak, Maxima Zorreguieta argentinarrak, ere sinatu du dokumentua. Erregina berriak ospe handia lortu du herritarren artean, Argentinako diktadura militarreko funtzionario baten alaba dela eta hasieran une zailak bizi izan zituen arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea