Mundua -
Sarraskia Sirian
Al Assaden tropek gutxienez 50 pertsona hil dituzte Baidan
Hildakoen artean emakumeak eta haurrak daudela salatu du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, "sarraskiaren" lekukoak aipatuz.
Erredakzioa
Bashar al Assaden erregimenaren aldeko tropek gutxienez 50 lagun hil dituzte Baida hirian, Siriako ipar-mendebaldean, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak salatu duenez. Biktimen kopurua ehun baino gehiago izango direla uste du Behatokiak.
Hildakoen artean emakumeak eta haurrak daudela salatu du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, "sarraskiaren" lekukoak aipatuz. Iturrien arabera, biktimak tiroka edo labanaz hil dituzte, baina kiskalitako gorpuak aurkitu dituzte.
"Dozenaka pertsona desagertu dira. Etxe batzuei su eman diete eta beste batzuk suntsitu dituzte, ziurtatu du Behatokiak agiri batean. Hala ere, lekukoen salaketak "egiaztatzerik" izan ez duela onartu du Behatokiak, erregimenak zonan kontrol zorrotza ezarri duelako.
"Gurutze Gorriari eta erakundeei Baidara joatea eskatzen diegu sarraskia egiaztatu eta informazioa biltzeko", gaineratu du Behatokiak.
Oposizioko taldeek "dozenaka hilketaren" berri eman dute Baidan, baina biktimen kopururik ez dute zehaztu.