Mundua -
Erresuma Batuan
Diputatu britaniar bat atxilotu dute, bi mutil bortxatzea egotzita
Poliziak Nigel Evans Komunen Ganberako egungo presidenteordea atxilotu du, 2009 eta 2013 urte bitartean, 20 urteko bi mutil bortxatu eta eraso sexuala egitea egotzita.
Erredakzioa
Erresuma Batuko Lancashireko Poliziak Nigel Evans Komunen Ganberako egungo presidenteordea atxilotu du larunbat honetan, 2009 eta 2013 urte bitartean, 20 urteko bi mutil bortxatu eta eraso sexuala egitea egotzita. Evans aske utzi dute fidantzapean.
Komunen Ganberako presidenteorde aukeratu zuten 2010ean. Poliziak larunbat osoan zehar hartu dio deklarazioa, Pendleton udalerrian (Erresuma Batuko iparraldean) 2009ko uztailaren eta 2013ko martxoaren artean izandako hainbat bortxaketekin lotura duelakoan.
Ospe handiko politikaria
'Tory' politikariak, 55 urtekoa, fidantzapeko askatasunean jarraituko du ekainaren 19ra arte, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak atxiloketaren berri jaso du.
"Sexuarekin lotutako salaketak aintzat hartzen ditugu oso, Poliziarengana jotzeko biktimek izan ditzaketen zailtasunak ulertzen ditugu", esan du ohar batez bidez Poliziak.
Defentsa
Bestalde, Evansek bere burua defendatu du, eta "akusazio faltsuak" direla azpimarratu du. Komunikabideren aurrean eskainitako prentsaurrekoan politikariak komunikatu laburra irakurri du. Evansek jakinarazi duenez, salaketa aurkeztu dutenak ezagunak dira, are gehiago, "atzo arte lagunak ziren".
"Ez dut ulertzen zergatik aurkeztu dituzten salaketa horiek", adierazi du. Diputatu britaniarrak argitu duenez, salaketa bat "duela lau urteko kontu bati buruzkoa da", eta auzia salatu dutenen batekin joan den astean izan zen solasean. "Gertakariren aurrean sinestegabekeria sentipena daukat", esan du.
Homosexuala dela aitortu zuen 2010ean Erresuma Batuko Komunen Ganberako presidenteordeak. 1992. urtetik diputatua da, eta Alderdi Kontserbadorean goi karguak izan ditu. Halaber, alderdiaren barnean eta kanpoan ere ospe handia izan du beti.