Mundua -

Cleveland (Ohio)

Onik aurkitu dituzte duela 10 urte AEBetan desagertu ziren 3 emakume

Amanda Berry, Gina DeJesus eta Michelle Knight etxebizitza batean aurkitu dituzte, eta etxearen jabea, ustezko bahitzailea, atxilotuta eraman dute.

10 urtez bahituta egon ondoren, hiru neskak ihes egitea lortu dute

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2002 eta 2004 artean desagertu ziren hiru emakume estatubatuar aurkitu dituzte gaur Clevelandeko (Ohio) etxebizitza batean, eta etxearen jabea atxilotuta eraman dute, bertako Poliziak jakitera eman duenez.

Amanda Berry 2003an desagertu zen, Gina DeJesus 2004an, eta Michelle Knight 2002an. Berry berak deitu omen zion Poliziari aurreko egunotakoren batean, bahitzailea etxetik kanpo zegoela aprobetxatuta.

Emakumeak osasun zentro batera eraman dituzte, eta FBI eta Polizia zain daude, senda-agiria jasotzen dutenean galdeketa egiteko, Clevelandeko hedabideek jakitera eman dutenez.

Poliziak McDonald´s jatetxe batean atxilotu zuen etxebizitzaren jabea, Ariel Castro 52 urteko gizonezkoa.

Dirudienez, Castrok etxetik alde egin zuen, bizilagun batek Berry laguntza eske entzun ondoren.

Bizilagunak bahitzailearen etxebizitzako ate bat hautsi zuen, Amanda Berry atera zedin. Hautsitako ate horretatik atera zen, hain zuzen ere, Berry, Poliziari deitzeko.

Berry 2003ko apirilean desagertu zen, 17 urte bete baino egun bat lehenago, eta Poliziak haren hilotza bilatzeko lanak egin zituen. CNNren arabera, baliteke bahituta egon den 10 urteetan ume bat erditu izana.

DeJesusek 14 urte zituen 2004an bahitu zutenean. Eskolatik etxera bidean zihoan desagertu zenean.

Azkenik, Knightek 21 urte zituen 2002an desagertu zenean. Bere garaian, senideek uste zuten Knightek bere kabuz alde egin zuela, semearen kustodia galdu berri zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea