Mundua -
Gerra Hego Korearekin
Ipar Koreak hiru misil labur bota ditu itsasora
Misil laburrak direnez, printzipioz, Ipar Koreak ez ditu Nazio Batuen Erakundeko irizpideak urratu. Ipar eta Hego Korean gerra egoeran daude.
Erredakzioa
Ipar Koreak hiru misil labur bota ditu gaur Ekidealdeko Itsasora (Japoniako Itsasora), mendebaldeko kostaldetik, Hego Koreako Defentsa Ministerioko iturriek aditzera eman dutenez. Bi jaurtiketa goizean izan dira, eta hirugarrena, berriz, eguerdian.
Gauzak horrela, Ipar Koreako mugimenduak zaintzeko lanak areagotu dituzte Hego Korean, egoera gerran daudelako, alegia. Bake-itun batekin baino, armistizio batekin amaitu zen 1950 eta 1953 urte bitartean bi Koreen artean izandako gatazka.
Hala ere, Ipar Koreak botatako misilak laburrak direnez, printzipioz, Ipar Koreak ez ditu Nazio Batuen Erakundeko itunak urratu. Pyongyangek lur azpiko hainbat froga nuklear egin ostean, misil luzeak botatzeko debekua ezarri zuten NBEko hainbat itunek, Ipar Koreak arma nuklearreko programak garatzeko asmoa duelakoan.
Ipar Koreak eskainitako lehen keinu borrokalaria da gaurkoa, apirilaren amaieran mehatxuen tonua lasaitu ostean.
Ipar Koreak "gerra atomiko"arekin lotutako mehatxuak bota zizkion Hego Koreari, NBEko Segurtasun Kontseiluak Ipar Koreak otsailean egindako froga nuklearra zigortu ostean.