Itxi

Mundua

Autopsia

Videla komunean izandako erorketa baten ostean hil zela dio autopsiak

Erredakzioa

Autopsiaren behin-behineko emaitzen arabera, Videla erorketak eragindako barne hemorragia batengatik eta hausturengatik hil zen.

  • Jorge Rafael Videla.

    Jorge Rafael Videla. Argazkia: EFE

Jorge Rafael Videla diktadore ohia ostiralean hil zen 87 urterekin komunean erori eta gero. Hori berretsi dute autopsiaren aurretiazko emaitzek. Horien arabera, aurretik Videlak zituen bihotzeko arazoei erorketaren ondorioz jasandako hausturak eta barne hemorragia bat gehituta hil zen, "La Nacion" egunkariak argitaratu duen autopsiaren arabera.

Bestalde, "Cronica" egunkariak jasotako Jorge Alberto Dominguez medikuak sinatutako espetxeko txostenaren arabera, "Jorge Rafael Videla presoa espetxeko gelako komunean eserita zegoen, konorterik gabe".

"La Nacion" egunkariak jakinarazi duenez, hildakoaren senitartekoak datozen orduetan joango dira gorputegira Videlaren gorpua hartzera, eta Mercedes hirian (diktadorearen jaioterrian)  lurperatuko dute.

Gorpua behin autopsiaren emaitzak onartuta hartu ahal izango dute. Senitartekoek hala ere, etorkizunean gorpua hobitik ateratzea ekiditeko, beste azterketa mediko bat eska dezakete.

Autopsiaren behin betiko emaitzak 20 egun barru ezagutzea espero da.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena