Mundua -

Eraso terrorista

Soldadu bat hil dute Londresen, eta beldurra zabaldu da hiritik

Bi gizon soldadu baten gainera joan dira, Woolwich auzoan, eta, "Ala handia da" oihukatzen zuten bitartean, sastatu egin dute. "Ekintza basatia eta terrorista" izan dela adierazi du Cameronek.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Soldadu baten hilketak alertan jarri du Londres

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat hil eta beste bi zauritu dira gaur Londresen, eraso batean. Erasotzaileek matxetea erabili dute soldadua hiltzeko. Eraso terrorista dela baieztatu du Britainia Handiko Gobernuak, BBC telebistak jakitera eman duenez.

Britainia Handiko komunikabideen arabera, bi gizon soldaduaren gainera etorri dira Woolwich auzoan (Londreseko hego-ekialdean), eta "Ala handia da" oihukatuz sastatu dute. Bien bitartean, Poliziak erasotzaileei tiro egin die.

Theresa May Erresuma Batuko Barne ministroak Cobra larrialdi batzordearen bilera deitu du. Eraso "basatia" izan dela esan du Mayk. Bestalde, Boris Johnson Londreseko alkatearen hitzetan, "gaixo batek egindako indarkeria ekintza" izan da.

Larrialdi batzordearekin bildu eta gero, Londreseko kuartel militarretan segurtasun neurriak areagotu dituztela jakitera eman du Mayk.

Londres erasoa efe

Londres erasoa efe

Erasoa gertatu den tokia. Argazkia: EFE

"Erresuma Batuko biztanle guztien aurkako erasoa izan da. Ekintza gutxiesgarri hau ez da zigorrik gabe geratuko", adierazi du Barne ministroak. "Ekintza terrorista" izan dela esateko "zantzu argiak" daudela gaineratu du.

"Poliziak bi gizonen aurka tiro egin du armak zituztelako, aurreneko txostenen arabera", azaldu du Simon Letchford Scotland Yardeko ofizialak.

Antza denez, bi erasotzaileak zauritu eta Londreseko bi ospitalera eraman dituzte, Letchfordek erantsi duenez.

David Cameron efe

David Cameron efe

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Argazkia: EFE

"Ekintza basatia" eta "terrorista" izan dela adierazi du gaur David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak.

"Gaurko erasoa ekintza basatia izan da, eraso izugarria" eta "ekintza terrorista", azaldu du Cameronek Parisen, Francois Hollande Frantziako presidentearekin bildu ostean.

"Britainia Handiak mehatxu terroristen aurrean ez du sekula amore emango", ziurtatu du Cameronek. Lehen ministroaren ahotan, "terroristek ez dute sekula irabaziko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea