Mundua -
Kontrazala
Zaldi izurritea Australian
10.000 zaldi basati helikopteroetatik tiro eginez hiltzeko agindua eman dute, noraezean eta jatekorik gabe dabiltzalako.
Juanjo San Miguel | Euskadi Irratia
Australiako Gobernuak iparraldean alde batera eta bestera dabiltzan 10.000 zaldi hiltzeko agindua eman du. Zaldi basati hauek benetako izurritea bilakatu dira eta dabiltzan inguruan ez dute apenas jatekorik. Helikopteroetatik tiro eginda hilko dituzte.
Australian aldiro, aldiro horrelako izurriteak sortzen dira, XIX. mendean mendebaldearen kolonizazioa hasi zenetik. Europarrek arratoiak eraman zituzten euren ontzietan, hauek berehala egokitu eta urte gutxitan bertako animaliak eta landare asko suntsitu zituzten.
Ingelesek eraman zituzten 24 untxien hazkundea izugarria izan zen. 1950an, 600.000.000 ziren eta gaitz bat sartu behar izan zitzaien, mixomatosia, gehienak hiltzeko, baina 1990an 300.000.000 ziren berriro.
Gameluak ere eraman zituzten eta, gaur egun, ia miloi bat dira gamelu basatiak eta kalte handia egiten dute. Astoak ere, orain zaldi hauek bezalaxe, helikopteroetatik tiro eginda hil behar izan zituzten.
Hau guztia gertatzen da, alde batetik, Australian animali martsupialioak zirelako jatorrian, garaiz aurretik jaiotzen diren ugaztunak eta gero amaren martsupio edo burtsan hazten direnak. Hauek ugaztunak baino motelagoak dira eta hauekiko lehian beti galtzaile ateratzen dira. Bestetik, Europatik eramandako animaliek ez dute etsairik eta neurri gabe hazten dira. Untxiei aurre egiteko azeriak eraman zituzten eta azeriak bihurtu ziren izurritea.
Australiak 7.000.000 eta 700.000 kilometro koadro ditu, 22.000.000 pertsona besterik ez dira bertan bizi eta kontinente guztietatik eraman eta era artifizialean nahastutako animaliek erakutsi digute zer gertatzen den naturaren arauak hausten direnean.