Mundua -
Tornadoa Oklahoman
Oklahomako tornadoak gogorren astindutako eremua bisitatu du Obamak
Presidente estatubatuarrak berreraikitze-lanetarako epe luzeko laguntza federala emango dutela agindu du.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak Moore Oklahoma Cityko auzoa bisitatu du. Tornado erraldoi batek eremu hori astindu zuen, maiatzaren 20an, eta ehunka etxe suntsitu eta 24 pertsona hil zituen.
"Kalteak handiegiak dira ulertzeko", esan du Obamak ezbeharraren aurretik eskola bat osatzen zuten hondakinen artean. Mintzaldi horretan, berreraikitze-lanetarako epe luzeko laguntza federala emango dutela agindu du..
Tornadoak ehunka etxe, bi eskola, ospitale bat eta zinema-areto bat suntsitu ditu 27 kilometroko ibilbidean. Eremu horretako biztanleentzako laguntza federala agindu du Obamak. Gainera, ezbehar mota horien aurreko erantzun-taldeak prestatzen eta horien logistikarako finantziazioa ematen jarraitzea eskatu dio Kongresuari.
"Ezbehar natural batek jotako eremu batera joaten naizen bakoitzean, herrialde osoaren izenean hitz egiten dudala jakinarazi nahi dut", adierazi du Obamak.
Caleb Sloan kaltedunak etxea galdu du tornadoaren eraginez, eta, adierazi duenez, Obamaren hitzek esperantza ematen diote. "Emandako hitza betetzeko bizitzea besterik ez du. Promesak betetzearen alde otoitz egiten dut", esan du.