Mundua -
Sexuaren esklabuak
Hashimoto: emakumeak plazera emateko erabili izana ‘barkaezina da’
Osakako alkatearen iritzian, ikerketa historiko bat egin behar da Japonia 'estatu moduan' emakume horien trafikoan zuzenean nahasita egon zen argitzeko.
Erredakzioa
Toru Hashimoto Osakako alkateak aurreko batean emakumeak plazera emateko erabili zirela esateak ezinegona sortu du nazioartean. Hori baretu nahian, Bigarren Mundu Gerran soldadu nipondar batzuek izandako jokabidea ez zuela zuritu nahi izan eta Japoniak burdeletan lan egitera behartutako emakumeei barkamena eskatu beharko liekela esan du.
Hala ere, Hashimotoren ustez, ikerketa historiko bat egin behar da Japonia "estatu moduan" emakume horien trafikoan zuzenean nahasita egon zen argitzeko.
Osakako alkateak gauza bera egiteko eskatu die delitu berdina egotzi dieten herrialdeei.
Hashimoto eskuin-muturreko alderdi bateko presidenteordea da, eta, duela aste batzuk kritika ugari sortu zituen Japonian zein inguruko hainbat herrialdetan burdel militarrak "beharrezkoak" izan zirela esanda.
Hitz horiek Japoniako Errestauraziorako Alderdiaren babesak behea jotzea ekarri dute. Hala, Shinzo Abe lehen ministroak japoniar konstituzioa berraztertzeko hura aliatu moduan hartzea zailduko du.
Hashimotok ez ditu bere hitzak zuzendu; hori egin beharrean, bere hitzak ez zirela bere osotasunean hartu eta gaizki interpretatu zirela argudiatu du. "Ados nago Bigarren Mundu Gerran japoniar soldaduek emakumeak plazera emateko erabili izana barkaezina dela, eta emakumeen duintasuna eta giza eskubideak urratu zituztela", esan du Japoniako eta nazioarteko hedabideen aurrean egindako prentsaurrekoan.
"Horrekin batera, iraganean egindako abusuen gainean, Japoniak umiltasunez hausnarketa egin beharko lukeela eta plazera emateko erabili zituzten emakumeei barkamena eskatu beharko liekeela uste dut", adierazi du.