Mundua -
1971tik
Seme-alaba bakarraren politikak 336 milioi abortu eragin ditu Txinan
Asiako herrialde erraldoian, 7 milioi abortu egin, bi milioi gizon-emakume antzutu eta umetoki barneko 7 milioi gailu jartzen dituzte urtean.
Erredakzioa
Zhejiang Txinako herrian hodi batean harrapatuta zegoen bi hilabeteko umearen erreskateak seme-alaba bakarraren politikaren polemika piztu du berriz ere Asiako herrialde erraldoian. 1971n familia-plangintzako politika martxan jarri zutenetik, medikuek 532 milioi abortu eta antzutze egin dituzte, Financial Times egunkariak argitaratu dituen Txinako Osasun Ministerioaren datuen arabera.
Seme-alaba bakarraren politika indarrean dagoenetik, 336 milioi abortu eta 196 antzutze egin dituzte; azken horiek emakumezkoei eta gizonezkoei egin dizkiete. Gainera, guztira, umetoki barneko 403 milioi gailu jarri dituzte. Horrela, 7 milioi abortu egin, bi milioi gizon-emakume antzutu eta umetoki barneko 7 milioi gailu jarri dituzte urtean, batez beste.
2013ko martxoan, Txinako Gobernuak familia-plangintzako politika aldatzeko asmorik ez zuela adierazi zuen. Munduko herrialderik jendetsueneko agintariek azaldu zutenez, jaiotzak kontrolatzeko politika ezarri izan ez balute, gaur egungo 1.340 milioi biztanleak baino 400 milioi gehiago izango zituen.
Gainera, murrizketek mutilak neskak baino gehiago izatea eragin dute; izan ere, familiek nahiago dute semea izan, eta, gaur egun, emakume baino 34 milioi gizon gehiago daude.
Demografian adituek ohartarazi dutenaren arabera, seme-alaba bakarraren politikak Txinaren lehia mehatxatzen du. Hau da. Txinak ez du gaur egungo langileak ordezkatzeko pertsona kopuru nahikoa izango.
Familia-plangintzako politika horren aurkakoek, bestalde, legediak behartuta abortuak eta antzutzeak egin dituztela salatu dute, baina agintariek behin eta berriz ukatu dute.
Txinako sendiek presio sozial eta ekonomiko handia pairatzen dute politika horren ondorioz; izan ere, seme-alaba bat baino gehiago izatea erabakitzen duten bikoteei isun handiak ezartzen dizkiete. Horrez gain, ezkongabeen seme-alabak bakarrik uzten dituzte gizartearen estigma eta hezteko presio ekonomikoa ekiditeko.