Mundua -
ERT telebista publikoa
Europako 50 katek Greziako telebista publikoa irekitzea eskatu dute
Europako Irrati-Telebisten Batasunaren ustez, Greziako Gobernuaren erabakia "antidemokratikoa" da.
Erredakzioa
Europako Irrati-Telebisten Batasunak (EBU) ERT telebista publikoaren emisioak berriz baimentzeko eskatu dio Greziako Gobernuari. Europako berrogeita hamar kate publikok egin dute bat eskakizun horrekin.
EBUk aurretik ere eskatu zion Greziako Gobernuari telebista publikoa ixteko erabakia atzera botatzeko, eta gizarte demokratikoetan "zerbitzu publiko independenteak" behar-beharrezkoak direla esan diote Andonis Samaras Greziako lehen ministroari.
Greziako Gobernuak asteartean erabaki zuen ERT telebista publikoa ixtea, horren egoitza nagusia hustea eta horren programazioa bertan behera uztea, "kate publiko berri bat ezartzea agintzen duen lege berri bat eratu arte".
Horri aurre egin nahian, ERTko langileek telebistaren egoitza nagusia okupatu dute, eta albiste-programa bat ematen ari dira etengabe beste kanal batzuk utzitako seinalearen bitartez.