Mundua -

Nelson Mandela hil da

Mandela: Espetxealdiak presidente egin zuen gizona

"Ziega leku aproposa da norberaren burua ezagutzeko; gogoeta egiteko eta espiritualki garatzeko aukera eman dit", idatzi zuen Mandelak bere emazteari bidalitako gutun batean.

Nelson Mandela Hego Afrikako presidente ohia Argazkia: Efe
Nelson Mandela Hego Afrikako presidente ohia Argazkia: Efe
Nelson Mandela Hego Afrikako presidente ohia Argazkia: Efe

Maider Beistegi | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mandela eta haren lagunentzat irakasgai paregabea izan zen espetxea. "Gaztetan hain matxista izanda, emakumeen eskubideen aldeko borrokalari sutsua nola izan zitekeen" galdetu zion behin lagun batek. Espetxean irakurtzeko eta pentsatzeko denbora izan zuela erantzun zion Mandelak.

"Gazte harroputza eta oldarkorra nintzen; 27 urteko espetxealdiaren ondoren jabetu nintzen tolerantziaren garrantziaz". Gatibualdiak erabat aldatu zuen Mandela eta Hegoafrikako lehen presidente beltzaren izaera moldatu zuen.

Nelson Mandela otoitzak

Nelson Mandela otoitzak

Ordura arte egin ez zituen hausnarketa askotarako beta eman zion 27 urteko itxialdiak: "Norberaren burua ezagutzeko leku paregabea da espetxea. Gogoetarako eta espiritualki garatzeko aukera eman dit", idatzi zion emazteari, Winnie Mandelari, gutun batean, Kroonstadeko espetxean zegoela.

Bi espetxeetako hormak izan ziren Mandelaren izaeraren lekuko: Robben Islanden eman zituen 18 urte eta Victor Verseten, ostera, zortzi.

Kare harrobi batean bortxazko lanak egitera behartu zuten Mandela eta haren ziega kideak. Preso politikoak ohiko gaizkileekin nahasten zituzten eta pribilegio gutxiago zituzten. Bisita bakarra eta sei hilabetean behin gutun bat bakarrik jasotzen zuen Mandelak.

Nelson Mandela

Nelson Mandela

Londoneko Unibertsitateko programa batez baliatuta, Zuzenbide ikasketak egin zituen apartheid erregimenaren aurkako borrokako liderrak.

1982ko martxoan Robbeneko irlara, Pollsmoorreko espetxera, eraman zuten, ANCko beste goi buruzagi batzurekin batera: Walter Sisulu, Andrew Mlangeni, Ahmed Kathrada eta Raymond Mhlaba.

1985eko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zion Botha presidenteak arraza arteko berdintasunaren ikurrari, baina uko egin zion: "Ze askatasun eskaintzen ari zaizkit, jendeak elkar batzeko eskubiderik ez badu? Gizon askeek soilik negoziatu dezakete. Preso batek ezin dezake negoziatu", erantzun zuen Zindzi alabari esker bidalitako gutun batean.

Mandela eta  Alderdi Nazionalaren arteko lehen bilera 1985eko azaroan izan zen. Hurrengo lau urteetan sarritan bildu ziren, eta liderraren askatasuna posible egin zuen negoziazioaren oinarriak ezarri zituzten.

1988an Victor Verster espetxera eraman zuten, eta hain izan zen, 1990ean aske utzi zuten arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea