Mundua -
Europar Batasuna
Kroazia, Europar Batasuneko 28. estatua
Milaka lagun atera dira kalera Zagreben, Kroazia Europar Batasuneko kide dela ospatzeko.
Erredakzioa
Kroazia Europar Batasuneko 28. estatua da gaurtik aurrera. 2003ko otsailean egin zuen eskaera ofiziala, eta 2004ko martxoan onartu zuten bere hautagaitza. Europar Batasunaren eta Kroaziaren arteko negoziazioak 2005eko urrian hasi eta 2011ko ekaina arte luzatu ziren.
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek 2011ko abenduaren 9an sinatu zuten lehen ituna, 2013ko uztailaren 1ean Kroazia EBko kide berria izateko.
Gainera, 2012ko urtarrilaren 22an erreferenduma egin zuten eta kroaziarren % 66,27k Europar Batasunean sartzearen alde bozkatu zuten. Kroaziako Parlamentuak aukera hori berretsi zuen urte hartako martxoaren 9an.
Joan den martxoan egindako azken azterketan, Europako Kontseiluak ondorioztatu zuen "oro har" Kroaziak Europar Batasunean sartzeko baldintzak betetzen zituela. Alabaina, ustelkeriari aurre egiteko eta zuzenbide estatua sendotzeko neurriak hartzen jarraitzeko ere exijitu zioten.
Erreforma judiziala eta oinarrizko askatasunak bermatzea izan ziren Kroaziarentzat prozesurik korapilatsuenak. Ivo Sanader lehen ministro ohiaren kasua da horren adierazgarri: 2012an 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eroskeriagatik.
Ospakizunak
Kroazia Europar Batasunean sartu dela ospatzeko, argi, musika eta su artifizialekin egindako ikuskizuna izan da bart Zagreben. Milaka lagun atera dira kalera.
Ekitaldian buruzagi kroaziarrak eta Europar Batasuneko agintariak izan dira; besteak beste, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea.