Mundua -

Protestak Egipton

Egiptoko Armadak gaur Mursi Presidentetzatik kentzea aurreikusi du

Militarrek bide orri bat jarriko dute martxan, presidentetza batzordea, gobernu neutrala eta Konstituzio berri bat osatzeko.

Mohamed Mursi Egiptoko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Mohamed Mursi Egiptoko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Mohamed Mursi Egiptoko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko Armadak gaur bertan Mohamed Mursi Presidentetza uztera behartzea edo indarrez kentzea aurreikusi du. Ondoren, bide orri bat martxan jarriko du Presidentetza Batzorde bat eratzeko, militar batek zuzenduko duen gobernu neutral bat ezartzeko eta trantsizio prozesu bati hasiera emateko. Azken horrek bederatzi eta hamabi hilabete artean irautea aurreikusi dute, eta, hauteskundeak deitu baino lehen, erreferendum bidez bozkatuko duten Konstituzio berri bat osatuko dute, Al Ahram egunkariak zabaldutakoaren arabera.

Bide orri horren arabera, Mursi presidenteak gaur bertan egin beharko dio uko Presidentetzari; bestela, indarrez kenduko dute kargutik.

Ondoren, egungo Konstituzioa ezeztatuko dute, eta "herritar guztien nahiak" aintzat hartuko dituen berri bat osatuko duen aditu talde bat eratuko dute. Horren ostean, erreferendum konstituzional bat egitea aurreikusi dute, eta, Konstituzio berria onartutakoan, presidentea eta Parlamentua aukeratzeko hauteskundeak deituko dituzte.

Halaber, hiru kidek osatuko duten presidentetza batzorde bat eratuko dute, bederatzi eta hamabi hilabete inguru iraungo duen trantsizio epean herrialdearen gaiak administratzeko. Auzitegi Goren Konstituzionalaren presidentea izango da horren buru.

Horrekin batera, buruzagi militar batek zuzenduko duen jarduneko gobernu bat jarriko dute martxan, korronte politikorik izango ez duena. Armadak gainbegiratuko du, bide orriak ezarritako prozedura guztiak betetzen direla eta horren inpartzialtasuna bermatzeko.

Egunkariak jakinarazi duenez, iturri "fidagarriek" baieztatu dute indar militarrek eta segurtasun indarrek prozesu hori onartzen ez dutenen kontra gogor oldartzeko agindua jaso dutela. Hala, horien kontrako etxez etxeko atxiloketak aurrera eraman ahal izango dituzte, ondoren auzitegi "iraultzaileetan" epaitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea