Mundua -

Erresuma Batua

Cambridgeko duke-dukesak euren semearekin etxera itzuli dira

"Hauspo onak ditu, hori argi dago", adierazi du aitak harro. Bestalde, une "oso hunkigarria" eta "berezia" dela esan du Catalinak.

Cambridgeko dukeak semearekin. Argazkia: EFE.
Cambridgeko dukeak semearekin. Argazkia: EFE.
Cambridgeko dukeak semearekin. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guillermo eta Catalina Cambridgeko duke-dukesek Londreseko Saint Mary ospitalea utzi dute gaur euren aurreneko semea besartean zutela.

Printzea oso pozik azaldu da haurtxoa besartean zuela. "Hauspo onak ditu, hori argi dago", adierazi du aitak harro. "Haur handia da, pisu dexente du", erantsi du Guillermok.

Guillermok ez du txikiaren izenaren berri eman. Printzearen ahotan, "oraindik erabakitzeko lanean ari gara".

Bestalde, une "oso hunkigarria" eta "berezia" dela esan du Catalinak. "Gurasoek badakite zer sentitzen den", gaineratu du.

Erresuma Batuan, Cambridgeko duke-dukesen semearen jaiotza ospatu dute, kanoikadak eta Westminsterreko Abadiako kanpaiak joz. Bitartean, herritarrak jaioberriaren izena zein izango den jakiteko zain daude.

Cambridgeko dukesa mutil batez erditu zen herenegun St. Mary ospitaleko Lindo gela pribatuan.

Haurtxoaren izenak jakin-min handia sortu du. Hala ere, baliteke hainbat aste itxaron behar izatea zein izango den jakiteko.

Duke-dukesen lehen semeak hirugarren tokia hartuko du Erresuma Batuko tronurako oinordekotzaren zerrendan, eta herritarrek poz handiz hartu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea