Mundua -
Hauteskundeak
Kanbodian gobernatzen duen alderdiak irabazi du, gehiengo osoz
Bestalde, istilurik gabe amaitu dira Maliko Presidentetzarako hauteskundeak.
Erredakzioa
Hun Sen Kanbodiako egungo lehen ministroaren alderdiak gehiengo osoz irabazi ditu Asiako herrialdeko hauteskunde orokorrak, Khie Kanharith Informazio ministroak jakinarazi duenez.
Gobernuak emandako datuen arabera, Parlamentuko 68 eserleku erdietsi ditu eta oposizioko alderdiak lortu ditu gainerako 55 aulkiak. Oposizioko alderdi nagusiak gorakada nabarmena izan du, izan ere, aurreko hauteskundeetan 29 ordezkari lortu zituen.
Hauteskunde batzordeak ez ditu behin betiko emaitzak argitaratu ordea.
9,6 milioi kanbodiarrek zuten botoa emateko eskubidea eta goizean goizetik ilara luzeak sortu dira hauteslekuetan.
Presidentetzarako hauteskundeak Malin
2012ko martxoaren 22ko estatu kolpea izan zen Malin, eta agintetik kendu zuten ordura arte presidente izan zen Amadu Tumani Ture. Egoera gatazkatsua bizi izan dute herrialdean, eta geroztik Malin egiten diren lehen hauteskunde presidentzialak dira.
6,9 milioi maliar botoa ematera deitu dira eta 27 hautagairen artean aukeratu dute. Orotara, 25.000 hauteskunde-kolegio prestatu dituzte.
Presidentegai bakar batek ere botoen erdia eskuratzen ez badu, boto gehien lortu dituzten bi hautagaiekin bigarren itzulia egingo da abuztuaren 11n.
Aurreko astean egindako galdeketen arabera, Ibrahim Bubacar (RPM alderdia) Keita da lehen ministro ohia eta Maliko Parlamentuko presidente ohia da hauteskundeak irabazteko faborito nagusia. Halaber, bigarren tokia eman diote Sumalia Cisé URD alderdiko buruari.