Mundua -
Elkarrizketa
Carromero: 'Oswaldo Paya Kubako zerbitzu sekretuek hil zuten'
"Istripua izan zela esan eta niri errua botatzea plan ederra izan zen Payaren hilketa ezkutatzeko, bera baitzen Kuban trantsizioa bultza zezakeen bakarra", gaineratu du.
Erredakzioa
Angel Carromeroren arabera, "Oswaldo Paya Kubako zerbitzu sekretuek hil zuten". Carromerori lau urteko kartzela zigorra jarri zioten Kuban Paya eta beste disidente baten hilketa leporatuta. PPko kideari elkarrizketa egin dio El Mundo egunkariak.
Carromerok elkarrizketa horretan adierazten duenez, Paya eta Harold Cepedo bizirik atera ziren istriputik. "Erizainek eta apaiz batek esan zidaten laurok bizirik sartu ginela ospitalean".
"Santiagora gindoazen auto urdin bat guri jarraika hasi zen. Hurbil-hurbil zetorren, gidariaren begiak atzerako ispiluan ikusi nituen. Oswaldok autoa ikusi eta esan zidan: 'Matrikula kolorearen arabera, Komunistakoak dira. Zuk jarraitu aurrerantza, ezer gertatzen ari ez balitz bezala".
PPko kideak dionez, ondoren autoak atzetik jo eta errepidetik atera zituen. Carromerok konortea galdu zuen. "Gogoratzen dudan hurrengo gauza gizon batzuek furgoneta batean sartzen nindutela da, Kubako Estatuak erabiltzen dituen horietakoa, eta nik oihu egiten diet 'Nortzuk zarete eta ze arraio egin duzue'. Gero konortea berriro galdu nuen. Kulatarekin jo nindutela uste dut, buruan ebakia daukadalako".
Nuevas Generacioneseko idazkariordeak esaten duenez, "istripua izan zela esan eta niri errua botatzea plan ederra izan zen Payaren hilketa ezkutatzeko, bera baitzen Kuban trantsizioa bultza zezakeen bakarra".
"Kubako Fiskaltzak frogak sortu zituen"
Carromerok uste du berea ez zela bidezko epaiketa izan. "Kubako Fiskaltzak frogak sortzen joan zen epaiketak aurrera egin ahala". 2012ko urriaren 15ean Carromerori lau urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Espainiako Gobernuak Kubarekin akordioa lortu zuen Carromerok bere zigorra Espainian bete ahal izateko.