Mundua -
Gertaera
12 pertsona hil dira eta 50 zauritu Argentinan, leherketa bategatik
Oraingoz, leherketaren jatorria eraikinaren galdara batek eztanda egin duelako edo gas-ihesaldia izan den aztertzen ari dira ikertzaileak.
Erredakzioa
Gutxienez hamabi pertsona hil dira, beste 65 zauritu eta 15 desagertu, Rosarioko zentroko 10 pisuko eraikin batean izandako leherketaren ondorioz, Bueno Airesetik 300 kilometrora, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.
Suhiltzaileek hamar suhiltzailek eta hainbat zakurrek osatutako talde bereziak sortu dituzte desagertu diren pertsonak topatzeko. Eraikinaren barruko patioan ari dira bila.
Leherketa 10:00etan (16:00 GMT) izan da, Salta kalean kokatutako hamar solairuko eraikin batean. Guztira, 56 etxebizitza kaltetu ditu leherketak eta edatze-uhinek aldameneko 3 eraikinetan ere kalteak eragin dituzte eta ustu egin dituzte.
Lehen ikerketen arabera, leherketaren jatorria eraikinaren beheko solairuan izan den gas-ihesaldi bat izan da. Hainbat bizilagunek gas usaina somatu zutela adierazi dute eta Fiskaltzak dei horiek egin zirela berresteko gas enpresaren sistema informatikoa ikertzen ari da.
Instrukzio epaileak esan duenez, "baliteke gas-leherketa hodietan egin diren lan batzuengatik gertatzea". Dirudienez, "leherketa gertatu baino lehenago pertsona bat bertan lanean aritu zen".
Poliziak susmagarria atxilotu du, baina, oraingoz, ez dago inputaziorik. Agintariek azaldu dutenez, ez da Rosarioko Litoral Gas enpresako langilea.
Hiru eguneko dolua
Santa Feko Gobernuak hiru eguneko dolua iragarri du eta gertakaria izan den inguruko hamaika eskoletako jarduera bertan behera utzi du. Alderdi politikoek ere hauteskunde kanpainak bertan behera utzi dituzte.