Mundua -
Londres
Bekadun bat hil da, 72 orduz atsedenik hartu gabe lan egin ostean
21 urteko gizonezko alemaniarra praktikak egiten ari zen Bank of America Merril Lynch inbertsio-bankuan, eta etxean ziplo erori zen hiru egunez jarraian lan egin eta gero.
Erredakzioa
Londreseko Bank of America Merril Lynch inbertsio bankuan praktikak egiten ari zen 21 urteko bekadun alemaniar bat hil da 72 orduz atsedenik hartu gabe lan egin ostean, The Independent egunkariak jakitera eman duenez.
Moritz Erhardt zazpi asteko bekaldia amaitzear zegoen goizeko seietan etxera iritsi eta ziplo erori zenean.
Gazte alemaniarraren pisukideek aurkitu zuten gorpua komunean, eta heriotza zerk eragin zuen argitu ez badute ere (baliteke epileptikoa izatea), Poliziak ez du ezer susmagarria aurkitzea espero.
Friburgoko gaztearen heriotzak kezka areagotu du, Londreseko inbertsio bankuetan bekadunek ustez egiten dituzten lan-jardunaldi luzeak polemika handia eragin baitute, The Independent-en arabera.
Banketxeetan praktikak egiten dituzten 300 gazte inguruk hartzen dute ostatu Bethnal Green auzoko erresidentzia batean. Bertan dagoen gazte batek azaldu duenez, inbertsio alorrean dihardutenen egoera da gogorrena: "Kafeina lepo hartzen duen jendea dago, baina inor ez da kexatzen, sariak oso handiak baitira. Oso ondo ordaintzen diren lanengatik egiten dugu borroka".
Beste baten esanetan, Erhardtek 2.700 libera (3.156 euro) irabazten zituen, eta nekeagatik hil zen.