Mundua -
Martxa AEBetan
Luther Kingen hitzaldiaren 50. urtemuga ospatu dute Washingtonen
'Ametsa Egia Bihurtzeko Ekintza Nazionala' izenburuko martxan parte hartu dute gaur milaka lagunek. Eskubide zibilen bilaketan "atzerapausorik ez emateko" eskatu du Luther King III.ak.
Erredakzioa
1693. urteko abuztuaren 28an ehundaka lagun bildu ziren AEBetako hiruburuan, arrazazko berdintasunaren eta herritar afroamerikarren eskubideen alde.
Larunbat honetako martxak 'Ametsa Egia Bihurtzeko Ekintza Nazionala' du izenburuz, eta Martin Luther King III Luther Kingen semea eta Al Sharpton telebistako esataria izan ditu deialdiaren buruan.
Atzerapausorik ez
Duela 50 urte Martin Luther Kingek hasitako borrokarekin jarraitzea eskatu du Luther King II semeak, publikoaren aurrean eskainitako hitzaldian. Eskubideen bilaketan "atzerapausorik ez emateko" eskatu die Washingtonen bildutakoei. "Nire aitak abiatutako ametsa amaitu gabe dago oraindik AEBetan", azpimarratu du.
"Aitaren aztarnen gainean nago, leku sakratu honetan, istorio biziak hunkituta, eta pozten nau jakiteak aitaren ahotsa entzuten jarraitzen duzuela", azaldu du Luther King III.ak, "ez da oroimen nostalgikoa izateko unea, lanari eusten jarraitzeko momentua baizik".
"Agintariek migrazio-erreforma abiatu behar dute, gure anai-arrebek pairatzen duten jazarpenarekin amaitzeko, eta herritartasunerako bidea eskaintzeko", esan du Luther King III.ak.
Ibilbidea
Ibilbidea Abraham Lincolnen Memorialean hasi da, eta George Washingtonen oroigarrian amaitu, Martin Luther Kingen estatuatik igarota.
Enplegua sustatzeko neurriak, gutxiengoentzako eskubide gehiago, armen indarkeria murriztea eta migrazio-erreforma, besteak beste, aldarrikatu dituzte parte-hartzaileek.