Mundua -

Afrika

Gizon baten burua eta bi esku bidali dizkiote Kenyako Polizia buruari

Adituen arabera, bidalketaren arduradunek Poliziaren buruak talde horren egituran egin nahi dituen erreformen kontra egin nahi izan dute horrela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon baten burua eta mehatxuzko mezu bat bidali diote Johnston Kavuludi Kenyako Poliziaren buruari, Polizia eraberritu nahi omen duelako, bertako indar armatuek jakitera eman dutenez.

Burua, odola zeriola eta bi eskurekin batera, Nairobin dagoen Polizia Zerbitzu Nazionalaren Zentroaren (NPSC) aurrean utzi dute kutxa baten barruan, Kenyako hedabideen arabera.

Pakete horren barruan nota bat zegoen, hau esaten zuena: "Kavuludi, zu zara hurrengoa".

"Ez dakigu nork ekarri duen hau hona. Harrigarria da. Ikertzen ari gara", adierazi du Benson Kibui Nairobiko Polizia buruak. Horren hitzetan, kutxa susmagarria zen, eta, ireki baino lehen, lehergailuak desaktibatzeko talde batek aztertu du.

"Adituek ez zuten lehergailurik aurkitu, baina krimenen ikertzaileek horren ardura bere gain hartu zuten, barruan buru bat zegoela jakin ondoren", azaldu du Kibuik.

Poliziaren ustez, baliteke gertakari hori 30 urteko gizonezko baten hilketarekin lotuta izatea, horren gorpua ere aurkitu baitzuten atzo Kenyako hiriburuko auzo batean.

Kavuludi Mombasan dago bidaia ofizialean, eta hunkituta dagoela adierazi du. Horretaz gain, horren esanetan, ekintza hori bera kikiltzen saiatzeko egin dute.

"Gizon hori hil eta horren burua eta eskuak gugana ekarri dituztenak atxilotzea espero dut", esan du NPSCren buruak.

Adituen arabera, bidalketaren arduradunek Poliziaren buruak talde horren egituran egin nahi dituen erreformen kontra egin nahi izan dute horrela. Izan ere, Polizia omen da herrialde horretako erakunderik ustelduena, horien ustez.

Kavuludi NPSCko lehenengo presidentea da. 2012ko urrian sortu zuten, Polizian erreforma bat abiatzeko, giza eskubideak behin baino gehiagotan urratu dituelako, besteak beste, Amnistia Internazionala erakundeak egindako salaketen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea