Mundua -

Siria

Kongresuan boto azkarra eskatu du Obamak eta babesa lortzea espero du

Hainbat ordezkari errepublikanoren babesa lortu du presidenteak. AEBek azkenean Sirian esku ez hartzea erabakitzen badute Frantziak bakarrik eraso egingo ez duela aurreratu du Hollandek.

Sirian esku hartzeko erabakiaz boto azkarra eskatu du Obamak Kongresuan. EFE
Sirian esku hartzeko erabakiaz boto azkarra eskatu du Obamak Kongresuan
Obamaren gobernu taldea babes bila da Siriari erasotzeko

0:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sirian ekintza militar ''mugatua'' egiteko aukeraz boto ''azkarra'' ematea eskatu dio AEBetako Kongresuari Barack Obama presidenteak, eta erasoa egiteko beharrezko duen babesa lortzea espero du.

"Lantzen ari garena zerbait mugatua eta proportzionala dela berretsi nahi dut, Bachar al Asaden erregimenaren gaitasuna murriztuko duena'', adierazi du Obamak, ordezkari errepublikano eta demokratekin egin duen bileraren hasieran.

Sirian esku-hartzeko AEBetako herritarrek inkestetan agerian utzi duten errezeloaren aurrean, Obamak azpimarratu du bere plana ez dela Irak, ''ezta Afganistan ere''.

Errepublikanoen babesa

John Boehner AEBetako ordezkarien ganberako presidente errepublikanoak dagoeneko aurreratu du Obamaren eskaera babesten duela.

Halaber, gaur bertan Senatuko Kanpo Harremanetarako batzordea bildu da, Siriaren inguruko eskaera aztertzeko, eta John Kerry estatu idazkaria eta Chuck Hagel Defentsa idazkaria bertan izan dira. Ondoren, Bob Menendez batzorde horretako presidenteak esan du Siriaren kontrako erasoa babestuko duela, arma kimikoen erabileraren kontra erantzunik ez ematea ''are larriagoa delako''.

Frantziak ez du erasorik egingo bakarrik

AEBetako Kongresuak Obamaren proposamena atzera botatzen badu Frantziak ez du Sirian bakarrik esku hartuko, Hollande presidenteak iragarri duenez.

''Erabakia baiezkoa ez bada, ez dugu bakarrik ekintzarik egingo; baina ez ditugu gure erantzukizunak albo batera utziko eta Siriako oposizioari babesa eskainiko diogu'', gaineratu du.

Bestalde, Al Asaden azken adierazpenek ekintza abiatzera bultzatzen dutela adierazi du Hollandek, eta balizko ekintza hori koalizio ahalik eta zabal baten eskutik egitea espero duela berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea