Mundua -
Irailaren 22ko bozak
Umorea Alemaniako hauteskunde kanpainan?
Hauteskundeetan alemaniarren parte hartzea handitzeko bideo dibertigarri eta eskatologiko bat sekulako arrakasta izaten ari da Youtuben. Hautagaitza xelebre batzuk ere badaude.
Eider Garaikoetxea | eitb.com
Hauteskunde kanpainak aspergarriak diren ustea zabaldua dago oso. Alemaniako bozena, ordea, topiko guztiak hausten dabil azkenaldian: abstentzioaren kontrako umorezko bideo bat eta Kantzilertzarako dauden hautagai xelebre batzuk dira erantzule.
Herritarren parte hartzea handitzeko bideoak "zozoak" izan ohi dira. IG Metall Alemaniako sindikatuak egunotan argitaratu duenak, ordea, irria baino ez du eragiten. Hain justu, milioi bat bistaratze pasatxo erdietsi ditu Youtuben astebete eskasean:
Bideoan irailaren 22an hauteslekuetara joateko gonbita egiten diete alemaniarrei eta umorea erabilita egiten dute, gainera: Felix Baumgartner, modeloak eta Youtubeko bideo ezagunen protagonistak ageri dira, besteak beste.
Hautagai xelebreak
Angela Merkel (CDU) kantzilerrarekin eta Peer Steinbrück sozialdemokraten buruzagiarekin zerikusirik ez duten beste hautagai batzuk ere badira, eta horiek ere gatza eta piperra erantsi diote kanpainari.
Horst Schlämmer hautagaiaren kasua da deigarriena: Horst Schlämmer- HSP alderdiaren buruzagia da, baina aurretik umorista lanetan ibili zen. Kanpaina bitxia abiatu du sare sozialetan: Alemaniako alderdietako eta gobernuko kideak kalean harrapatzen ditu, elkarrizketa zoroak eginez:
Martin Sonneborn ere ez da hautagai makala. Alderdia izeneko talde politikoaren burua da eta hona bere xelebrekeria: emakume eder bat ipini du hautagai gisa. Dioenez, "emakume baten alde egiten badugu, egin dezagun liraina den baten alde", Merkeli erreferentzia argi eginez.