Mundua -
Costa Rica
18 urteko espetxaldia bikote bati haurtxo bat kolpeka hiltzeagatik
Zigortuak umetxoaren ama eta ugazaita dira eta buruan eragindako kolpeen ondorioz hil da.
Erredakzioa
Costa Ricako bikote batek 18 urteko kartzelaldiko zigorra jaso du 11 hilabeteko umetxo bat kolpeka hiltzeagatik, Botere Judizialak zabaldu duenez.
Zigortuak umetxoaren ama eta ugazaita dira; eta hilketa egin izana onartu zuten iazko apirilean.
Auzia zuzendu duen epailearen esanetan, 2012ko apirilaren 25ean Jonathan Gerardo Abarco Sojok eta Judith Ortiz Camposek (biak costarricarrak) "kalte ugari" eragin zizkioten umetxoari, eta bizi ziren etxebizitzan bertan utzi zuten, San Joseko ekialdeko auzo txiro batean.
Ikerketaren arabera, jipoia eman eta biharamunean, haurtxoa mugitu ezin zela ikusita, biek Gurutze Gorrira deitu zuten, eta bertaratutako sorosleek umetxoa hilda topatu zuten, buruan zauri bat zuela.
Auzitegiko medikuek egindako autopsiak zehaztu zuen buruan eragindako zaurien ondorioz hil zela haurtxoa.
Epaiketan, inputatuek umetxoari kolpeak eman izana onartu zuten, hori dela eta Abarca gizahilketa egiteagatik zigortu zuten; eta Ortiz, umetxoaren ama, gizahilketa egiteagatik eta guraso-agintean gehiegikeriaz jokatzeagatik zigortu zuten.